Mikel Montiel: «Jaialdi handietara joaten gara sarreren prezioak zalantzan jarri gabe, eta ondoren gaztetxean zortzi euro ordaintzea asko iruditzen zaigu»
Mikel Montiel ‘Linzo’ ezaguna da musika urbanoa entzuten dutenen belarrietan. Bergaran abiatu zuen ibilbidea, eta gaur egun geroz eta presentzia handiagoa duo holtzan. Musika sortzeko grinaz, zuzeneko emanaldiaren garrantziaz eta euskal panoramaren erronkez hitz egin du.
Linzo duela bizpahiru urte hasi zen musika sortzen Sotoalde kolektiboan. Denbora gutxian izan duten hazkundea nabarmena da: maketak atera dituzte, bideoklipak sortu, eta herrietako zein jaialdi txikietako oholtzetan geroz eta presentzia gehiago dute. Azken urteotan, prozesu pertsonal handia izan du Montielek, eta esperientzia horien fruituak zuzenean ikusten dira haren emanaldietan.
Txikitatik musikarekin lotuta egon zara? Zerk bultzatu dizu musika entzule izatetik musika sortzera?
Urbano panoraman geroz eta gazte gehiago ikusten ditut musika sortzen. Agian, urteetan sentitutako grina edo gogo horiek bultzatuta, eta emandako momentu zein begiradak, gauza ezberdinak probatzera animatu zidaten. Bergarako gertuko jendea ezagutzen nuen. Haiek musikaz disfrutatzen ikusita eta giroa ikusita, horretara animatu nintzen. Egia da zaila izaten dela munduan sartzea, beldurrak beti daude. Jendearen aurreiritziak eta iritzi horietara egokitzeko beldur horiek beti egoten dira hasieran. Hala ere, beldur horiei aurre egiten ez banieke, bidean geratuko nintzateke.
Zer da gehien disfrutatzen duzuna musikaren munduan? Abestien sortze prozesua, kontzertuak disfrutatzea, bideoklip-ak sortzea…
Nik uste dut denaren erdiko puntu batean dagoela. Abestiak sortzen ditudanean, prozesua asko disfrutatzen dut, baina frustrazioa ere izaten dut. Frustrazio horren barruan sartzen da abestia bukatzea, kaleratzea edo ez, eta emaitza bera. Gero emaitza ikustean eta konturatzean sortze-prozesuko momentu frustragarri guztiek zerikusia dutela horrekin, poz handia ematen dit. Abestia kaleratzean, emaitza ona izan edo ez, ikasteko prozesuaren parte izaten jarraitzen du, eta hori garrantzitsua da pertsona eta artista bezala hobetzeko. Oholtzan ere antzera gertatzen da: ikasteko eta disfrutatzeko leku bat da. Egia da, askotan esaten dela prozesu guztiaren emaitza oholtza dela, baina, nik ez dut horrela ikusten, prozesuaren beste zati bat dela esango nuke, guztiaren baitan doala, ez amaiera bat. Prozesuaren barruan dago zoriontsu egiten zaituen jendearekin denbora partekatzea eta gozatzea.
Nola sentitu duzu zure garapen pertsonala oholtza gainean?
Hasieran urduritasuna nabaria izaten zen oholtzara igo baino lehenago. Gaur egun, seguruago sentitzen naiz. Geroz eta konfiantza gehiago hartzen zoaz. Egia da kontzertuak ondo irteten diren heinean oholtzak engatxatu egiten dizula. Konfiantza gehiago lortuz hein batean modu batera edo bestera boteretsua sentitzen zara eta horrek oholtzara berriz bueltatzeko animatzen zaitu. Hasieran oso urduri irteten nintzen, gaur egun urduritasun hori asko baretu da. Orain, beste gauza asko ditut oholtza gainera igotzerakoan, adibidez, nola hobetu zuzenekoak, ahotsaren teknika hobetzea edo zuzenetarako kontzertuak hobeto prestatzea.
Abestia grabatzetik oholtza gainera igotze-arte eta abesti bera zuzenean abestu arte zeintzuk dira ezberdintasun handienak?
Egia da abesti bat sortzen duzun momentuan eta gero oholtzara eramaterakoan, abesti batzuk zuzenerako direla eta beste batzuk abestia bera entzuteko direla ohartzen zarela. Nik inoiz ez dut abesti bat sortu zuzeneko baten pentsatzen. Egia da abestiak zuzeneko baterako bideratzen badituzu jendea gehiago animatzea lortu ahalko zenuela. Niri asko kostatzen zait abesti bat sortzea zuzenerako begira. Bestalde letra idazterako orduan zaila izango zen idaztea zuzeneko abesti baten oinarritzen.
Aurrera begira, Zuzenekoetan, ze aldaketa edo hobekuntza gustatuko zitzaizun egitea?
Gaur egun, nire helburuetako bat epe luzera begira, zuzenekoetan banda sartzea izango zen, banda batek zuzenekoa izugarri aberasten duela uste dut. Gitarra, baxu, bateria… Epe motzera begira ahots teknika hobetzea gustatuko zitzaidan, batez ere nire ahotsa hobeto ezagutzea, nire ahulguneak eta indarguneak guztiz ezagutzea.
Zer uste duzu falta dela euskal musika urbano panoraman?
Orokorrean jendeak gehiago sinestea falta da, hemen ere badago talentua. Aurreiritziak alde batera ustea, egia da euskal panorama musikala asko aldatzen hari dela, batez ere gure eskualdean. Egia da oraindik oso sartuta dagoela punk oi a. Egia da aurreiritzi asko daudela autotunearen inguruan eta urbanoaren inguruan, baina panorama urbanoa oso zabala da, ez da toki batean finkatzen. Urbanoa azkenean kaleko musika da, kaletik datorrena, estilo ezberdin askotan. Gehiago sinestea, kontzertuetara gehiago joatea, gazteok kontzertutan gehiago inbertitzea, gaztetxetara gehiago gerturatzea eta ezagutzen ez ditugun taldeak entzutea. Ez dakit, festibal handietara joaten gara sarreren prezioak zalantzan jarri gabe eta ondoren gaztetxean 8€ asko iruditzen zaigu. Ondorioz, panoraman sinestea falta da, egiteko asko dago baina aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu.