Hamalau urte inguru zituela, bidaiatzeko afizioa sortu zitzaion. Ordutik, 30 herrialde inguru bisitatu ditu bergararrak, motxila bizkarrean hartuta. Mundua ondo ezagutzeko, «beste 30 bizitza» beharko lituzke.

«Naturala, ezberdina eta alaia» da Iker Etxebarria. Bergaran jaio eta bertan bizi den arren, mundu osoko lekuak bisitatu ditu. «Bi koadrila» dituela dio bergararrak: «betiko koadrila eta mendiko koadrila». Bigarren honekin, era guztietako bidaiak eta abenturak bizi izan ditu Etxebarriak.
Nondik datorkizu kirolarekiko griña?
Txikitatik. Zazpi urte inguru genituenean, eskolatik atera eta zuzenean, jolastera joaten ginen. Gaur egun, beste aukera batzuk daude. Gu mendira irteten ginen, futbola dela, eskupilota dela… 14 urterekin, mendira joateko afizioa hartu eta gaur egunera arte, gehiago zentratu naiz mendiko kiroletan.
Nola egiten duzu lana eta bidaiak uztartzeko?
Lau urtetik behin, urtebete hartzen dut jai. Orduan aprobetxatzen dut bidaia luzeak egiteko: sei, zortzi edo hamar hilabetekoak. Asteburuetan ere, beti kanpora joaten naiz. Hala ere, bidaia luzeak hiru hilabetetik gorakoak egiten saiatzen naiz.
Nola prestatzen dituzu bidaiak?
Nahiko «inprobisatuak» dira. Normalean, nire bidaiak mendikoak izaten dira, eskalatzekoak. Orduan, zer paretara joan erabakitzen dugu, baina hortik aurrera, gauza gutxi. Egunean zehar inprobisatzen joaten gara, ez dugu izaten ezer lotuta.
Zein izan zen motxilero bezela egin zenuen lehen bidaia?
Hamasei urte inguru genituenean, pirinioetara joaten ginen. Bergaran «dedo» egiten jartzen ginen. Bost lagun elkartzen ginen eta agian kotxekoak soilik, bi pertsonentzarako lekua zuen. Lleidako herri batean geratzen ginen adibidez. Batzuetan, bi egun egoten ginen bertan besteak iritsi arte. Ez zegoen mobilik, eta hantxe egoten ginen, zain. Orain, astakeri bat iruditzen zait. Autobusa gutxi erabiltzen genuen, ia dena, dedo edo auto stop-ez egiten genuen.
Nola bizi zituzten gurasoek bidaiak?
Alde horretatik, «maltratatu» ditudala uste dut. Adin txikikoa nintzenean, hilabete bat joaten nintzen. Ez nuen inoiz deitzen, etxetik kanpo bi hilabete egonda ere ez. Gurasoei esaten nien: «deitzen badut arduratu zaitezte, zerbait pasa delako izango da».
Zein izaten da bidaieko momenturik hunkigarriena?
Asko daude. Lagunak galdu ditudan lekuetan egotea tokatu izan zait eta berekin han pasatako momentuak oroitzen ditut. Duela bi urte, Krikistaneko pareta handi batean geunden bigarren egunean, nire urtebetetzea zen. Lurretik 700 metrotara geunden, «repisatxo» batean. Urdaiazpiko pixka bat atera genuen eta eguzkia irteten hasi zen. Emozionatu eta negar batean hasi nintzen. Azken finean, momentuak dira: batzuetan ez dauka zentzu haindirik eta beste batzutan pentsatzen duzu «ostras, zelako ondo nagoen hemen».
Nahiago duzu bakarrik edo konpaniarekin bidaiatzea?
Bidaia luzeak bakarrik egitea ez zait gustatzen, baina bakarrik ibiltzearen zalea naiz. Asko asko atzeratzen naiz bakarrik: eskalatzera, bizikletaz ibiltzera, mendira, bidaia motzak egitera… Beste gauza batzuk «aportatzen» dizkit, baina partekatzen duzunean, hobeto.
Zer ezin da falta zure motxilan bidaia bat egiterako orduan?
Mendian lo egiten dugunean, transistore bat eramaten dut. Vivakean edo pareta batean gaudenean eta iluntzen duenean, irratia entzutea gustatzen zait. Baina behar-beharrezkoa, hotzik ez pasatzeko lo-zaku bat. Hortik aurrera, hotzik ez baduzu, dena errazagoa da.
Zer ikasi duzu zeure buruaren inguruan, bidaietan zehar?
Alde batetik, kriston zortea dugula jaio garen tokian jaiotzeagatik. Bestetik, oso gaztetatik, oso egoera ezberdinak ezagutu ditut. Marruekosen ikusi nuen lehen aldiz hildako pertsona bat, kale-erdian. Bidaiei esker errealitate oso gogor eta gordinak ezagutu ditut, eta sekulako kontzientzia hartu dut. Hori da bidaiatzen eta miseria asko ikusten izan dudan ikasketa garrantzitsuena.
Baduzu horri lotutako anekdotaren bat?
Behin, Txinako mendi altu batean nengoen eta kanpo basera joaten galdu egin nintzen. Hiru urte inguruko ume bat agertu zen, arropa barik eta mukiz beteta. Eskutik heldu eta haien dendetara eraman ninduen. Pentsatzen jarri nintzen «honek ez dauka ezer, biluzik agertu da hortik eta pozik dago, nola liteke?». Horrelakoetan, asko ikasten da. Egunerokotasunean, ondo gaude eta ez gara konturatzen. Baina inguruan dagoena ikusten duzunean, gauza txiki guztiak baloratzen ikasten duzu. Ez da beharrezkoa oso urruti joatea, askotan, oso gertu ditugu horrelako errealitateak.
Zer sentitzen da, bidaia luze bat egin ostean, etxera iritsitakoan?
Normalean, ez dut etxera bueltatzeko gogorik edukitzen, baina bueltatzean, gustora egoten naiz. Askotan galdetu izan didate hainbeste leku ezagututa, zein lekutan biziko nintzatekeen. Nik argi daukat: bizi naizen tokian biziko nintzatzeke.

Argazkia: Mendiko lagunak

Argazkia: Mendiko lagunak

Argazkia: Mendiko taldea