Elikagai ultraprozesatuak kontsumitzen dituzten %48ak antsietatea izateko arriskua dute

Nutrition Reviews, BMC eta BMJren ikerketek dieta orekatu batek osasun mentala nabarmenki hobetu dezakeela berretsi dute, depresioa, antsietatea eta estresa bezalako gaixotasunak saihestuz.

Ultraprozesatutako elikagaietan aberatsak diren dietek morbilitate eta hilkortasun handiagoarekin lotuta daude, sindrome metabolikoa, obesitatea eta depresioa izateko arriskua handiagoa izanik.

BMJ-n argitaratutako ikerketa baten arabera, elikagai ultraprozesatuak kontsumitzen dituzten %48ak antsietatea eta %22ak depresioa sufritzeko arriskua dute. Bestalde, 2025ean Nutrition Reviews-ek argitaratutako analisi batek dieta mediterraneoak, zenbait nahasmendutatik babestuz, haur eta nerabeengan eragin onuragarria duela erakutsi du. BMC Public Health-ek berriz, ikerketa bat egin zuen 7.434 heldurekin 2024an. Bertan fruta, barazki, esneki eta arrain askoko dietek estres-maila txikiagoekin lotura zutela ondorioztatu zen.

Dietak eragin zuzena izan dezake garunean hainbat mekanismo biologikoei esker. Elikagai batzuek hantura eta estres oxidatiboa murrizten dute, eta horrek aldartea hobetu dezake. Zenbait nutrientek serotonina eta dopaminaren ekoizpena bultzatzen dute, emozioen erregulazioan garrantzitsuak diren neurotransmisoreak. Hesteetako mikrobiota orekatua izateak estresari aurre egiten laguntzen du, eta zenbait konposatuk neuroplastizitatea indartzen dute depresioarengandik babestuz. 

Ez dago buruko osasuna sendatuko duen elikagai miragarririk, baina elikagai talde batzuk onuragarriak izan daitezke. Adibidez, omega-3an aberatsak diren arrainak depresioa izateko arriskua murrizteko lagungarriak dira. Jogurtak eta kéfirrak bezalako elikagaiek mikrobiota hobetzen laguntzen dute, eta horrek antsietatea gutxitu dezake. Kolore biziak dituzten fruta eta barazkiek estresa murrizten duten antioxidatzaileak eskaintzen dituzte. Era berean, ongizate emozionala sustatzen dute lekaleek, fruitu lehorrek, espeziek eta txokolate beltzak. 

Gero eta argiago geratzen ari da elikadurak gorputza elikatzeaz gain, burua ere zaintzen duela. Hau da, elikagai osasungarriak hautatzeak ez du eragin fisikoa bakarrik, baita emozionala eta psikologikoa ere. Beraz, osasun mentala zaintzeko lehen pausoa platerean has daiteke. 

Arai Sarasola