Oreka sokaren ertzean

Haurtzaroko oroitzapenetan zirkuak lilura eragiten du, baina horren atzeko lanaren gordintasuna gutxitan ikusten dela aitortu dute artistek. Ordu luzez entrenatzen dute eta autoexijentzia muturrera eramatea ere gertatzen da osasun mentalean eraginez.

Karpa jendez beterik dago eta isiltasuna nabari da. Alde batetik bestera doan soka bat dago zintzilik eta horren ertz batean, artista bat dago urduritasunez dardarka. Oreka fisikoa lortzeak urduritasuna sortzen badio ere beste galdera bat datorkio burura: “Gaur ere nahikoa izango ote naiz?”.

Zirkuaren mundua gero eta ezagunagoa ari da bihurtzen Euskal Herrian. Gure Zirkua eta Zirkuola zirku eskola dira hori lortzeko lanean diharduten batzuk. Baina zer dago zirkuko oihalen atzean? Nola moldatzen dira artistak jasaten duten presioari eta autoexijentziari aurre egiteko?

Sua Enparantza artista, zirkuko emanaldi batean, Gure Zirkua

Perfekzioa bilatzearen presioa

Sua Enparantza Gure Zirkuako artista gaztearen hitzetan, zirkuan oreka bilatzea ez da bakarrik sokaren gainean mantentzea: «Gure buruak ere oreka behar du, eta hori lantzea batzuetan gorputza baino zailagoa da». Zirkuko emanaldietan perfekzioa bilatzen dute artistek etengabe. Hori bilatu nahi izateak askotan artistaren autoestimuan eta osasun mentalean eragin zuzena duela aitortu du: «Egun txar batean, gorputzak huts egiten badu edo ikusleek espero dutena ezin badut eman, nire buruarekin haserretzen naiz. Baina pixkanaka ikasten da hori aurrera eramaten».

Artista hau gazteagoa zenean dantzan aritu zen eta beranduago zirkuan hasi zen. Dantzako esperientzia horrekin alderatuz zirkuaren berezitasunak nabarmendu ditu: «Zirkuan urtean ehun emanaldi baino gehiago izaten ditugu, eta ostiraleko emanaldian zerbait gaizki eginez gero, hurrengo egunean berriro ondo egiteko aukera dugu. Dantzan ez da horrela, urte osoa ekitaldi baterako prestatzen igarotzen duzu». Zirkuko eguneroko lanak, bere intentsitate eta errepikakortasunarekin, diziplina fisiko zein mentalari eustea eskatzen du. Akatsen onarpena eta aurrera egiteko gaitasuna garatzen ere laguntzen du zirkuko bizimoduak.

Emanaldien arteko denbora, entrenamenduak eta atsedenaldiak orekatzea zaila izan daiteke askotan, eta horrek artistaren osasun mentalean eragina izan dezake. Taldeak ere «garrantzi handia» duela adierazi du Sua Enparantzak. Horrela, diziplina indibidualaz gain, elkarlanean aritzeko beharra ere erakusten du zirkuak.

Elkarlan horretan zirkua eta hezkuntza uztartuz, Gipuzkoan erreferente bilakatu da Adunan (Gipuzkoa) kokaturiko Zirkuola zirku eskola. Koldo Arakistain Zirkuolako arduradunak azaldu duenez, zirkuko jarduerek gorputzari ez ezik, buruari ere onura ugari ekartzen dizkiote: «Gorputza fisikoki ezagutu eta burua ere asko lantzen den diziplinak dira akrobazia, objetuen gaineko oreka edo malabareak bezalakoak. Gainera, beldurrak gainditu, frustrazioari aurre egin eta lorpen txikiak ospatzeak norberaren autoestimuan eragin zuzena dauka».

«Beldurrak gainditzen lan egitea, ez dakigun hori berehala ikasten ez dela onartzea edo ateratzen ez zaigunaren frustrazioa lantzeko modu entretenigarria da zirkua»

Koldo Arakistain

Koldo Arakistain zirku eskolako arduraduna. Zirkuola Zirko eskola

Arakistain eta Enparantza bat etorri dira ideia batekin, zirkua ez dela soilik ikuskizun baterako entrenamendua nabarmenduz. Terapiarako tresna indartsua izan daiteke zirkua, eta bere edertasun estetikoaz haratago, beste balio ugari ere badituela erakusten du. Autoexijentzia eta presioak ohikoak dira zirkuaren munduan, eta horrek osasun mentala arriskuan jar dezake. Zirkuak artistak kontrol emozionala garatzeko aukera ere ematen duela frogatzen du Zirkuolako esperientziak.  

«Zirkua terapiaren antzeko tresna izan daiteke» dio Arakistainek, «eta horrek erakusten du lanbide honen garrantzia, izan ere, ez da ikusgarria bakarrik, baizik eta gure buruarekin eta gorputzarekin harreman osasuntsua eraikitzeko bidea ere bada». Horrek bereziki gazteen garapenean izan dezake eragin handia, autoestimua indartuz eta beldurrak gainditzeko tresnak eskainiz. Hori dela eta, zirkuak duen balio handia azpimarratzen da, bai artistaren garapenean eta baita ikusleekiko konexioan ere, emozioak eta erronkak partekatuz.

Herritarren ikuspuntua eta zirkuaren etorkizuna

Zirkuko mundua ez da soilik artista profesionalen lekua, herritarrentzat gertukoa den eta gaur egun Euskal Herrian oso bizirik dagoen errealitatea ere bada. Zirkuaren inguruan galdetuta, «Aurreiritziak alde batera utzi eta atzean dagoena ezagutu ondoren, benetan baloratzen dut artista hauen lana eta dedikazioa» erantzun du Naroa Esnaola Zumaiako (Gipuzkoa) herritar gazteak.  «Ikusle gisa magiaz eta zirkuaren edertasunaz gozatzen dugu, baina artista hauek duten autoexijentzia eta presioaz ez gara jabetzen askotan» gehitu du autoexijentzia aipatzean.

Zirkuaren mundua soka gaineko ariketa ikusgarrietatik haratago doala erakusten da herritarren hitz horiekin. Lanaren gordintasuna, autoexijentzia eta osasun mentalaren garrantzia ere argi ikusten dira; eta, zirkuak eskaintzen duen sendotasuna eta pertsonen hazkundea ere nabari dira. Horregatik, zirkuak gizartean lekua eta errespetua merezi du, artista bakoitzaren indarra eta ikuskizun bakoitzaren magia batzen dituen artea delako. Hala ere, zirkuko artistek gaur egun bizi duten egoera kontuan izanik, euskal zirkua «oso momentu onean» dagoela adierazi dute, eta etorkizunari begira «etorkizun polita» aurreikusten dute.

Oihane Echaide