Hainbat psikologok, Mireia Agirre tartean, uste dute gaur egun gazteek helduek baino terapia gehiago behar dutela txikitatik izaten dituzten traumen ondorioz.
Mireia Agirre psikologoa, Azpeitian duen kontsultan, 2025eko maiatzaren 15ean, Intza Uranga
Mireia Agirrek (Azpeitia, 1992) psikologo bezala egiten du lan Harremanak elkartean. Bere egunerokotasuna kontsultan egiten du baina hortaz gain hezkuntzan ere aritzen da nerabeekin saioak eskaintzen osasun mentalaren inguruan. Jadanik 9 urte daramatza kontsultan lanean eta oso pozik dagoela adierazi du.
Zein kasu dira gehien tratatzen dituzunak?
Gehien bat 20 urtetik gorako pertsonekin egiten dut lan. Kasu gehienak berdinak izaten dira, hau da, kontsultara etortzen diren paziente gehienak estresa, antsietatea, tristura edo bakardadeagatik izaten dira. Honez gain, badaude paziente batzuk bakoitzaren burua ezagutu edo bertan indagatu nahi izaten dutenak, baina gutxi dira. Normalena lehen aipatu dizkizudan sintomengatik izaten da, eta gehien ematen direnak antsietatea eta estresa dira. Gainera, datu moduan esango nizuke etortzen diren paziente gehienak emakumeak direla.
Denok dauzkagu trauma edo motxila emozional horiek txikitatik. Nondik uste duzu datorrela hori dena, etxean sortzen dira? Kalean? Zer esango zenuke horren inguruan?
Denaren nahasketa bat da, gu geure izaerak eraikitzen. Etxeko lehen harremanak eta gero kalean harremantzen hasten garen heinean, harremantzeko modu eta harreman berriak goaz eraikitzen. Egia da, gure lehen kontaktu horiek eragina dutela mundua ulertzeko moduarekin edo beste pertsonak ulertzeko moduarekin. Izaera bat sortzen goaz, baina sortzen dugun izaera horrek ez du esan nahi funtzionala edo osasuntsua izango denik. Gure bizian gertatzen zaizkigun gauzen patroi horien arabera hasiko gara sentitzen eta sortzen baina, patroi horietatik irtetzen den gauza bat gertatuz gero, gure izaera deskonpentsatu egiten da. Hori da pertsona bat antsietatean sartzen den momentua.
Kasu asko eman zaizkizu txikitako arazo edo trauma hauek lantzeko?
Nire lan metodoan, gaur egungo egoera txikitako egoerekin lotzen joaten naiz. Beraz, guk beti erakusten dugu izaera edo pertsonalitate bat kanpora badakigulako horrela beti leku bat izango dugula besteen artean, baina hori ez gara gu geure osotasunean. Askoz gauza gehiago gara, baina askotan guk ere ez dazkigu zeintzuk diren gauza horiek. Traumak denok dauzkagu baina traumen intentsitatea da garrantzia daukana. Ezberdina da familia anitz batean jaio eta bizi “goxo” bat izatea edo heriotza batzuk bizi izatea txikitatik zure inguruan. Batean eta bestean traumak egongo dira noski, baina intentsitatea oso ezberdina izango da.
Zein esango zenuke direla trauma edo arazo ohikoenak?
Arazo guztiak dira ohikoak, denok bizi izan ditugulako trauma edo arazoak nahiz eta oso txikiak izan. Baina askotan, trauma txiki horiek izan dira gure benetako emozioak erakusten utzi ez dizkigutenak. Emozio horiek azaltzea gure pertsonarentzat arriskutsua da.
Trauma bat edozein egoeratatik sor daiteke, erantzun txar bat edonorentzat izan daiteke traumatikoa izualdi edo beldur egoera batetik bizi ezkero. Normalean, txikitako trauma bistaratuenak bullying egoerak izaten dira. Harremantzeko garaian inseguritate handia uzten baitute epe luzerako. Gero, nagusiago egiten garenean estimulu askoz handiagoak behar izaten ditugu trauma bat sortzeko baina umeak garenean oso zaurgarriak gara.
Beraz, esango zenuke gurasoek zaurgarritasuna izan dezaketela trauma horietan?
Harremanean hezten gara beraz, segun eta zein portaera, erantzun edo dena delakoa jasotzen dugula inkontzienteki ikasten goaz nolakoak izan behar garen. Noski, heldu horiek ere zaurgarritasun hori ere izan dute eta beraiek ere badituzte beraien traumak. Gauza ez da gu nola hezi gaituzten beste pertsona batzuek hezteko, hau da, ni txikia nintzenean garrasi egiten bazidaten horrek ez du esan nahi zure umea ere garrasika hezi behar duzula. Gauza izaten da portaera hori aldatzea eta kontziente izatea nola egiten ditugun gauzak askotan traumak intergenerazionalak izaten direlako.