Marimi Ugalde Irurako (Gipuzkoa) alkate ohiak euskararen alde egindako lanari buruzko hainbat anekdota kontatu ditu. Elkarrizketan zehar aipatu du, batzuek euskara «maite» duten bezala, beste batzuk «gorroto» dutela.
Marimi Ugalde (Elduain, 1940) Irurako alkate ohia da. Hamasei urteko ibilbidea egin du Udaletxean. Ikastolen sorreran lan garrantzitsuak egin ditu, eta herri ekimenetan ere hainbat proiektu desberdin aurrera eraman ditu. Nahiz eta erretiroaz gozatzen egon, «herriko saltsera» kontsideratzen da, eta jubilatuen ordezkari gixa aritzen da.
23 urte inguru arte gaztaroa Euskal Herrian pasata, irakaskuntza ikasteko prozesua nolakoa izan zen? Non egin zenituen ikasketak?
Txikitan amona eta izebarekin aritzen nintzen, baina beranduago, ikasketak egin nituen Tolosan (Gipuzkoa), ondoren irakaskuntza ikasteko helburuarekin. Halako batean, Andoaindik (Gipuzkoa) deitu zidaten bertara joateko eta ikastolei hasiera emateko. Ikastaroa eman behar izan ziguten, euskaraz irakatsi ahal izateko garaiko haurrei. Irakasle bat Karmele Esnal zen eta bestea Elbira Zipitria, biek izugarrizko lana egin zuten.
Egun batean “kasualitatez” guardia zibila etorri zen. Bi apaizen artean dena antolatu zuten, eta guardia zibilari abisatu zien gu ikastoletan umeei euskaraz erakusten ari ginela. Apaiz bat gure aldekoa genuen, eta bestea, goian bizi zena, poliziaren aldekoa. Denbora bat pasata, egunero guardia zibila etortzen zen, eta umeak zeharo beldurtuta egoten ziren. Apaiz gaiztoarekin elkartu ginen egun batean, eta haserre eskatu genion arazorik balu, guregana jotzeko zuzenean, eta ez aritzeko poliziari deika. Ikastolan umeak baitzeuden eta trauma bizitzearen beldurra genuen.
Ez zara bakarrik Euskal Herrian ibili, kontatu dezakezu?
Hemen, Andoainen egon ondoren senarra Tolosarra zen, eta Tolosara joateko eskaintza egin zidaten. Tolosako udalak irekia, Andoaingoa garaian pribatua zen. Beraz, Tolosara joateko hautua egin nuen. Kasualitatea, bertako alkateak anaia falangista zuen, eta bera ere. Badakizu, garaian falangistak boga boga zeuden. Senarrak enpresa batean lan egiten zuen baina itxi egin zuten, eta orduan hostalaritzan sartzeko hautua egin zuen.
Tolosan bertan ireki zuen hasieran jatetxea, eta ni arratsaldeetan laguntzera joaten nintzen. Halako batean, uda zen eta kataluniara joan ginen, zehazki Kambrils (Kataluina) ingurura. Izugarri gustatu zitzaigun herria, eta haragi ostalaritza falta zegoela ikusten genuen. Orduan gure momentua zela esan zidan senarrak, eta nik ezetz esaten ez dakidanez, aurrera egin genuen. Bi haur txiki edukita, ni 33 urte beterekin, Kataluniara joan ginen. Aurrenik Kambrilsen ireki genuen jatetxea, eta beranduago Bartzelonan (Kataluina).
Marimi Ugalde heriko festetan (J. Miranda)
Kataluniara joan zinen bizitzera, garaiko Kataluniako egoera, Euskal Herriko panoramarekin alderatuz, nola zegoen?
Garaian Katalunia oso ondo zegoen, ez zuen gaur egun ezagutzen dugun presio hori. Katalana hitz egiten zen eta hezkuntza aldetik garatuago zegoen. Ez zuten ikastola antzeko eraikinak sortzeko beharra izan, hasieratik aukera izan baitzuten. Garai hartan, nik gutxienez, gogoratzen dut katalanak ongi moldatzen zirela ikasketa aldetik eta etxetik ere. Baita ere unibertsitateetan ere.
Euskal Herrira itzultzean, zein egoera aurkitu zenuen euskalgintzaren inguruan? Espero zenuen?
Beti konturatzen zinen, oporretan ere Euskal Herrira etortzen ginen eta bertakoekin kontaktua mantentzen nuen. Asko nabaritu nuen nik ikastolak utzi nituen garaitik izugarri aurreratu zutela, batzuek behintzat. Beti beren zailtasunekin, euskarak zapaldua izaten segitzen baitzuen. Jende askoren borrokari esker, behintzat lortu zen euskara hezkuntza ingurura eramatea eta gazteek euskaraz ikasi ahal izatea.
Zein izan da irakasle bezala pairatu duzun egoera gogorrena, ikastolen testuinguruan?
Irakasle bezala hasiera hori izan zen okerrena. Herri erdia nahiz eta alde izan, kontra zeudenak izugarrizko presioa egiten zuten, eta egunero azaltzen ziren guardia zibilek ere izugarrizko beldurra sortzen zidaten.
Zuretzat, zer da euskara?
Ba euskara, bihotzetik edo ateratzen dena da. Nire adinekoak, “boom” garaian etorriak, ez dute ikasi euskara, ezta nahi izan ere. Hala ere, euren seme alabei erakusten saiatu dira eta beraien jarrera txalotzekoa da.
Baina gure adinean euskaraz hasten gara, eta segituan erdarara pasa beharra duzu beraiekin komunikatzeko. Ikusiz ezin dutela euskaraz egin eta beste erara parte hartzen dutela, beraiei erdaraz hitz egin beharra diegu tamalez. Batzuek euskara maite dugun bezala, beste batzuk gorroto dute. Euskara beti azpian izango da espainola eta frantsesarekiko, beti kultura zapaldua izan baikara.
Elbira Zipitria aurrean edukiko bazenu oraintxe bertan, zer esango zenioke?
Lehenik eta behin besarkada erraldoi bat emango nioke, eta ondoren esango nioke: “Elbira, ez dakizu nolako lana egin duzun!“. Zu eta zu bezalako beste batzuk etxean sartuta hainbeste egun txar pasa ondoren, izugarria da nola ireki zenuten hezkuntza euskaldunerako bidea eta gaur egun zuei esker ikasi ahal dugu euskaraz.