Beasaingo Mariren jaitsieran dantzari kopurua mugatuko dute 340 lagunera

Ekitaldiaren arrakastak jendetzak erakarri ditu azken urteetan, eta segurtasuna bermatzeko zozketa bidez aukeratuko diren dantzari kopuru mugatua egongo da.

Beasaingo Loinatz jaiak, Mariren Jaitsiera, 2024, Inge Altuna

Aurten 35 urte beteko ditu Mariren jaitsierak, eta Loinatz jaien egunik berezi eta jendetsuena bihurtu da. Jaiaren une gorena da, dantza, musika, antzerkia eta tradizioa uztartzen dituen ikuskizun paregabea. Beasaindarrentzat, eta bereziki gazteentzat, ezinbesteko topagunea bihurtu da. Hala ere, parte-hartze masibo horrek hainbat zailtasun ere ekarri ditu: segurtasun arazoak, ikusgarritasunaren galera eta ekitaldiaren kalitatean eragina. Horiek zuzentzeko, neurri zehatzak hartu dira.

340 dantzarirentzat izango da tokia aurten: 40 oholtza gainean (2008. urtean jaiotakoak) zozketaz aukeratu direnak; eta 300, oholtzaren inguruan, bigarren zozketa baten bidez aukeratu direnak. Herritar hauek zapi bereziak izango dituzte, entseguetan jasotakoak. Neurri hauen bidez, parte-hartzaileentzako argitasuna eta segurtasuna bermatzea eta ikusleei eskaintzen zaien esperientzia hobetzea dira helburu nagusiak, festa giroari eta tradizioari eutsiz.

Inge Altuna

Utzi iruzkina