Euskal Herrian, eta nagusiki Gipuzkoan, curling-a praktikatzea erronka handia da: izotz-pista urriak eta baliabide mugatuak dituzte. Honez gainera, entrenatu ahal izateko, distantzia luzeak egin behar dituzte. Hala ere, Mikel Unanue Zabala bezalako kirolariek pasioari eusten diote.
Mikel Unanue Zabala (Donostia, 1980) espainiako curling txapelduna da, eta bere kirol ibilbidea Gipuzkoan dagoen izotz-pista bakarrean hasi zuen. Curlinga, Euskal Herrian oraindik ere kirol minorizatua den arren, Unanueren ahaleginari esker, kirol hau bere bizitzaren ardatz bihurtu da. Astean zehar entrenamendu fisikoak, laguntza psikologikoa eta atzerrira egin beharreko bidaia luzeak tarteko, izotz gaineko kirol honek exijentzia handia eskatzen du. Elkarrizketa honetan, bere hastapenak, eguneroko erronkak eta curlingaren egoera Euskal Herrian zein Gipuzkoan azaldu dizkigu.
Mikel eta Oihane curlingeko espainiako txapeldun. Irutxuloko hitza. 2024/02/05
Nola sortu zen Gipuzkoako lehen curling taldea?
Nire egungo bikoteak, Oihanek, duela hainbat urte Donostiako izotz jauregian lan egiten zuen arratsaldeetan, eta egun batean, granitozko harri bitxi batzuk aurkitu zituen. Ez zekiten zerenak ziren, eta beste lagun batzuekin batera, hauen inguruko erabilera aztertzen hasi ziren YouTubeko tutorialak ikusten etabar.
Eta horrela sortu zen Gipuzkoako lehen curling taldea. Talde hau, hockey, curling, izotz patinaiak eta beste pare bat “frikik” osatzen zuten. Ni, zehazki, sorrera baina bi urte beranduago hasi nintzen kirol hau praktikatzen.
Gaur egun, zein da curlingaren egoera Gipuzkoa mailan? Zenbat kirolarik praktikatzen duzue kirol hau Gipuzkoan?
Gipuzkoa mailan, 16 kirolari izango gara. Euskal Herrian aldiz, beste 100 egon daitezke. Hortaz, guztira Euskal Herri mailako txapelketa bat egiten denean, 140 kirolari inguru elkar gaitezke.
Zein da zure entrenatzeko ohiko tokia?
Curlinga eta hockey edota izotz patinaiaren artean beti egon izandu da “txoke” moduko bat. Izan ere, curlinga praktikatu ahal izateko izotz oso-oso on bat behar da baldintza ezin hobeetan. Klubaren lehenengo urteetan hockey edota patinaiarekin elkarbanatzen genuen izotza, eta hori horrela, nire lehen 10-12 urteetan, asteburuetan hemen entrenatzen nuen, Anoetako izotz jauregian; Gipuzkoan eta Euskal Herrian dagoen izotz jauregi bakarrean, alegia. Badago beste bat Gasteizen baina ez da asko erabiltzen.
«Entrenatzeko izotz-jauregi gertuena Donostiatik mila kilometrotara dago»
Gauza da, aurreko bi diziplina hauetako partidu edo ikuskizun bat ospatu ostean, izotza prestatu behar izaten genuela. Eta horretan soilik, bi ordu baina gehiago ematen genituen. Logikoa den gisan, izotz jauregi batentzat bi orduz instalazioak itxita eduki behar izatea, ez da batere errentagarria, eta horregatik, duela 6-7 urte ingurutik nire entrenatzeko izotz jauregi gertuena, Donostiatik mila kilometrotara dago.
Zein da curlinga praktikatzen duen, kasu honetan, zuk duzun entrenamendu errutina?
Fisikoari dagokionez, hiru ordu entrenatzen ditugu egunero, bi entrenamendu ezberdinetan banatuta. Bata orokorrean indarra izaten da, eta bestea erresistentzia, flexibilitatea, oreka etabar. Fisikotik haratago, psikologoarekin ere egoten gara astean bi edota hiru orduz, eta hori guretzat ere entrenamedu bat da.
«Ostegunero atzerrira joaten gara entrenatu ahal izateko, gehienetan Suiza, Suezia edota Eskoziara»
Bertan egunean sei orduz entrenatzen dugu. Hortaz, guztira, astean zehar, 24 ordu izotzean, 8 ordu fisikoa lantzen eta 3 ordu psikologoarekin ematen ditugu.
Kirol guztiak bezala, curlingeko partidak ere bere berezitasunak izango ditu. Nola da curlingeko partida edota txapelketa bat? Nola puntuatzen da kirol honetan?
Partidu batean, 8 set daude, guk set beharrean END deitzen diegu. Mutilezkoetan, 8 beharrean, 10 END daude. END bakoitzeko 8 harri botatzen du talde bakoitzak. Orduan, talde batek bere harria botatzen badu, beste taldeak berea botako du, bi taldeak zortzi harriak bota arte. Tiraketa guztiak egin ostean, zentrutik gertuen dagoen harriak puntu bat irabaziko du, eta zentrutik gertuen dauden kolore berdineko harriak, puntu gehiago izango dituzte. Mundialeko txapelketak orokorrean, bost partidu izaten dira sailkapen fasea osatzeko. Ostean, semifinalak eta finalak ospatzen dira. Hori kontuan izanik, eta irudikatuz gero finalera iritsi garela, guztira asteburu batean, zortzi partidu jokatu ahal ditugu, eta partidu bakoitzeko hiru orduz egon gaitezke izotzean.