Mila urte baino gehiagoko maien friso bat eraman dute Chicagotik Mexikora

Kareharrian landutako gorputz baten forma irudikatzen du frisoak; maskara eta luma apaingarriak ditu figurak. Chicagoko familia baten bilduma pribatuan egon da orain arte.

Berreskuratutako frisoaren ilustrazioa (Ilustratzailea: Nerea Culla)

Garai klasikoko behe-erliebe maia bat, 600 eta 900 urteen artekoa, Mexikora itzuliko da Chicagotik. National Museum of Mexican Art (NMMA) eta Antropologia eta Historiako Institutu Nazionalak (INAH) kudeatu dute aberriratzea. Diego Prieto eta Antonio Saborit, biak INAHko zuzendariak, Estatu Batuetako museoan egindako ekitaldi batean egiaztatu zuten frisoa atzo, ohiko azterketak egin ostean.

Kareharrian landutako friso maia bat da, Campeche ingurukoa. Piezak 1,20 metroko altuera du, eta maskara eta luma apaingarriak dituen gorpuzkera bat irudikatzen du. Cesáreo Moreno NMMAko Arte Bisualen zuzendariak piezaren xehetasunak jakitea zaila dela dio: «Tenplu edo beste eraikin baten parte dela uste dugu. Ez dut uste hilarria edo antzeko zerbait izan denik». 

1960ko eta 1970eko hamarkadetan Brooklyn Museum-ean egon zen ikusgai, eta gero bilduma pribatu batera igaro zen. Jabeen oinordekoek itzultzea erabaki zuten, Mexikorentzat zuen garrantzi kulturala kontuan hartuz.

Frisoa berreskuratzea abian dagoen pieza prehispanikoak Mexikora aberriratzeko prozesuaren parte da. Atzo egindako ekitaldiaren bidez, horren garrantzia adierazi du Prietok. Izan ere, beste herrialdeetan behar ez bezala kokatuta dagoen mexikarren kultura-ondarea berreskuratu daitekeela erakutsi da.

Nerea Culla Anzuela

Utzi iruzkina