Iñigo Asensio: «Kantatu ote daiteke tripetatik kantatu gabe? Nik uste dut ezetz»

Tolosara egin dugu bisita gaurkoan. Hor da larunbatetako azoka, baita haragi egunaren ospakizuna ere. Guk, ordea, bestelako leku batean dugu hitzordua: Zaharra kalean elkartu gara. Bertan dugu Iñigo Asensio (Tolosa, 1985), doinuren bat ahoan duelarik, gure zain.

Iñigo Asensiok Tolosako 3 tabernan eskainitako kontzertua 2024ko urriaren 6an

«Ez naiz oso pertsona disziplinatua izan, baina aritua bai». Hala definitzen du bere burua Iñigo Asensiok. Abeslaria, kazetaria, dokumentalista omen da, baina badu zer izana eszenatik kanpo: Marikoro eta Felixen semea, bizitzaren gorabeheretan zehar aurrera egin behar izan duena. Gauzak egiteko grina, energia, eta konstantzia izan omen da Asensio. Hiru B-ren pertsona, «Bueno ba benga, egingo dugu ez?»


Ikusi izan zaitugu oholtza gainean gogoz egiten duzuna egiten. Baina, noiz hasi zinen “musikari” gisa lehen pausoak ematen? Eta nondik dator bertan jarraitze hori? 

Esango nuke kasualitateak pisua duela hemen. Nik orain esan nezake ez dudala bizitza musikarik gabe ulertzen, baina uste dut nire bizitzan egon zela momenturen bat non musika nahiko baztertuta izan nuen. Unibertsitate garaia, Iruñean, nahiko korapilatsua izan zen; arrotza eta erdalduna. Kosta egin zitzaidan nire tokia bilatzea. Urte haietan gitarra jotzen ikasi nuen ezin nuelako pianoa Iruñeara eraman. Geroago, lan mundura murgiltzerakoan, 21-22 urte haietan, baztertua utzi nuen musika. Manent taldeak engantxatu ninduen: teklista bat behar zutela esan zidaten, eta bapatean ia lehenengoz musikari sentitu nintzen. Gaur egun badago modus vivendi bat musikan. Ez dut esango musikarik gabe ezin gintezkeenik bizi, baina musikarik gabe bizitzak xarma gutxiago luke. 

Posta Kolekzinistak taldearekin badituzue dagoeneko hainbat lan. Orain atzera begiratuko bazenu, zer esango zenuke eman dizula Posta Kolekzionistak? Zer izan da hura sortzea eta bideari ekitea? 

Ziurrenik gehien eman didana iruzurtiaren sindromea baztertzea izan da. Gezurra badirudi ere, askotan esaten didate “beregan izugarrizko ziurtasuna proiektatzen duen pertsona bat zara”. Izan liteke, baina frontman paper horrek zalantzak sortzen zizkidan, ez negoen eroso horrekin. Lehenengo albuma grabatu genuenean, helburua diskoa grabatzea zela esan nuen, baina ez nuela zuzenean jo nahi. Gero, diskoa bukatzen genbiltzala “aurkeztu beharko ote da?” galdera bota zuten taldekideek. Eta egin genuen, Leidorren. Oso kontzertu polita izan zen. Taldea gustura ikusita eta inguruan zelako talde puska nuen kontuan hartuta, kontzertuak ematera animatu nintzen. Gaur egun, disko hura grabatu eta zuzenekorik eskaini nahi ez zuen hark kontzertuak eman nahi ditu. 

«justu bi kantu hauek idazten negar asko egin dut»

Harremanez hitz egiten duzu zure abestietan, baita minez eta joanez. Badituzue esaldi gazi-gozoak. “Asko maite duenak asko sufritzen duela” edo “Beldurra daukat eta beldurrak nauka ni”. Kontatuko zenidake zer dagoen abesti horien atzean? 

Heriotza. Batean heriotzaren dolua dago eta bestean heriotzaren beldurra. Oso esplizituak diren esaldiak dira. Gure lagun batek brometan esaten zuen “asko maite duenak asko sufritzen duela” behin bere buruaz beste egin zuen arte; esaldi horren irakaspena utzi zigun eta orduztik bat gutxiago gara. 

Kantatu ote daiteke tripetatik kantatu gabe? Nik uste dut ezetz. Niri asko kostatzen zait abesti zerebralak egitea. Uste dut abestiak oso tripetatik egin behar direla; nik behintzat horrela egiten ditut. Eta hala izan behar duela uste dut, inperfekzioak ere behar duela tripetatik atera.

Beldurrak nauka kantuaren kasuan, abiapuntua “gezurra dirudi” esaldia izan zen. Ezin nuen sinetsi nik milaka kilometrora egonda nire lagunak istripu bat izan zuela, eta hilabete bat pasako zuela koman. Momentu horretan nik kantu hori abesteko beharra sentitu nuen.

Zaplaztekoak datozenean niri kantuak egitea etorri zait; justu bi kantu hauek idatzi bitartean negar asko egin dut. Hala ere, aspaldi konturatu nintzen negar egitea ederra dela. Kantu horien atzean heriotza eta beldurra dago. Bada heriotzari beldurrik ez diola esaten duen jendea, baina uste dut guztiok diogula heriotzari beldur pixka bat. 

Bizitzeko gogoa omen duzu Iñigo; beraz, zer da aurrerantzean espero duzuna? Ba al da betetzeke duzun ametsik, ateratzeke dagoen arantzik? 

Zerbait esatearren honi eutsi nahiko nioke: txikitik jotzeari. Posta Kolekzionistak halakoa da, talde txikia. Baina konstantzia horren bidez entzulearen eta batez ere beste sortzaileen errespetu hori nolabait irabaztea gustatuko litzaidake. Egiten dudanaz gozatu nahi dut; azken finean, pribilegiatu batzuk gara. Ez dut Matxupitxura joan behar edo Victoria Eugenia bete. Beharbada noizbait beteko dut, baina ez da beharrezkoa dudan zerbait.

June Iraola Alberdi

Utzi iruzkina