Irakurketa: ohiturak, onurak eta loturak

Urteak aurrera joan ahala, literatura gizakiarekin batera aldatu egin da. Harekiko pertzepzio eta interesak berritu diren arren, irakurleek arrazoi ugari dituzte irakurtzen jarraitzeko.

Liburu-denda batean sartu besterik ez da behar irakurtzeko ohitura duten pertsonak aurkitzeko. Batzuek garapen pertsonaleko liburukiak dituzte. Beste batzuk nobelak begiratzen ari dira: eleberri beltza edota zientzia-fikzioa, adibidez. Saiakera erosiko dutenak ere badaude, baita poesia irakurtzen dutenak ere. Bakoitzak zerbait desberdina bilatu ohi du literaturarengan. Gizakiok ez daukagu duela ehun urteko egoera eta bizimodu berdinak, baina badago mantentzen dugun zerbait: irakurketarekiko lotura. 

Idurre Alonso irakasle eta euskal filologian adituaren arabera, aurreiritzi asko daude gaur egun literaturaren inguruan: zaila edo aspergarria dela, besteak beste. Aurreiritzi horiek gizarteak sortu dituela azpimarratu du: «Oinarririk gabeko irakurleari testu zailak eman dizkiogu, eta irakurtzeko eta ulertzeko orduan bakarrik utzi dugu». Irakaslearen konponbidea «gazteei literatura ona eta kalitatezkoa ematea» da. «Baina ez da nahikoa; liburu horiek irakurtzen eta haiekin gozatzen lagundu behar diegu».

Irakurleek «literaturaren gero eta irakurketa politikoagoa» egiten hasi direla nabarmendu du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak. Horrekin batera, ideia feministak liburuetan ere sartzen ari direla ikusi du. Susan, gainera, emakume eta sexu disidenteen obra gehiago argitaratu dituzte azken urteotan. Hasieran «espazio batez ere maskulinoa» zela ikusita, hori aldatzen saiatu dira, eta gaur egun «nahiko berdinduta» dagoela adierazi du. Alonsoren esanetan, liburu motak berdin mantendu dira, baina edukia izan da aldatu egin dena. Bere ustez, irakurzaletasunak bizirik mantentzen jarraitzen du, baina ez iraganean egiten zen bezala: «Bizitzaren erritmoa aldatu da, eta gauzak berehala nahi ditugu, laburrak izatea eta azkar kontsumitzekoak».

Sare sozialek era nabarmenean eragiten dute horretan. Azkenaldian irakurketaren inguruko edukiak partekatzen hasi dira sarean, bookstagram, booktok edo booktube fenomenoen bidez. Mariam Lamin irakurleak liburuak online zabaltzea baikorra izan daitekeela uste du, irakurtzeko ohitura ez daukatenek eredua jarraitu dezaketelako. Dena den, literatura trend batean bilakatzea gauza arriskutsua da berarentzat. Gehien ikusten diren edukiak bideo azkar eta exageratuak dira, eta horrekiko kezka erakutsi du: «Bideo horiek kontsumismora eramaten dute batez ere, hau da, liburu asko erostera eta gero ez irakurtzera, eta azkenean horrekiko performance soila bultzatzen dute, ez irakurketa bera».

Komunitatearen garrantzia

Euskal Herriko irakurle taldeen kopurua ospatu du Leire Lopezek, batez ere gazteen artekoa, gaztetxeetan klub horiek sortzen ari baitira. Bere erabilera funtsezkoa iruditu zaio editoreari: «Literatura ondo egoteko garrantzitsua da irakurtzen den hori eremu intimotik ateratzea, horri buruz hitz egin eta eztabaidatzeko». Alonso bat dator esandakoarekin, eta literaturaren «esanahi partekatuak» eraiki behar direla azpimarratu du, besteen esperientziak ulertu eta partekatzeko. Irakaskuntzarako oso eredu ona direla azaldu du: «Irakurle taldeetara doan jendea bere iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aske sentitzen da, eta irakaskuntzak hori izan beharko luke helburu».

Horixe bera egiaztatu du Julen Sanchez psikoklogiako graduatu eta dibulgatzaileak (Julio Ensalada Youtuben). Izan ere, fenomeno horrek Albert Banduraren Ikaskuntza bikarioaren teoria gogorarazi dio: «Inguruneak gure jarreran eragiten du: erreferentziatzat ditugun pertsonek irakurtzen dutela ikusten badugu, haiek imitatzera joko dugu». Sanchezek adierazi duenez, askorentzat ingurukoaren eragina pisuzko arrazoia da liburuak irakutzen hasteko, baita berarentzat ere: «Irakurtzeko zaletasuna ez nuen arren, nire lagun guztiek irakurtzen zutela ikusi nuenean, ohitura hartzen saiatu nintzen, eta azkenean lortu egin dut».

Irakurketaren onurak

Mariam Laminek ere gaurko bizimoduaren eragina nabaritu egin du: «Sare sozialekin asko kostatzen zait arreta mantentzea, mugikorrak eduki azkarrera ohitu nauelako». Dena den, irakurketak gaitasun hori ez galtzen lagundu diola esan du.

Julen Sanchez 22 urterekin hasi zen irakurzaletasuna berreskuratzen: «Gehiago irakurtzen nuen ahala, denbora luzeagoa igarotzen nuen liburuarekin, eta arreta asko hobetu zitzaidan». Berdina gertatu zaio egunerokotasuneko jarduerekin, era eraginkorragoan betetzen dituela nabaritu baitu. Kaltegarriak izan daitezkeen ekintzen denbora murriztu du gainera (sare sozialena, adibidez). Gertaera hori psikologiaren ikuspegitik aztertzea erabaki du, eta irakurtzeak abantaila asko ematen dituela ikusi du, bai ume, bai helduetan: «Hainbat azterlanen arabera, irakurketak gure gaitasun kognitiboak, hala nola oroimena, arreta eta arrazoiketa, hobetzen ditu». 

Zergatik irakurtzen dugu?

Irakurtzeari zergatia bilatzea zaila dela onartu du Lopezek: «Nahitaezkoa da mundua ulertzeko nahi bat izatea, horretan literaturak laguntzen duelako, baina ez da hori bakarrik. Irakurle egiten gaituzten kasuistika oso desberdinak daude». Idurre Alonsok antzekoa aipatu du; hots, arrazoi ezberdinek mugiarazten gaituztela. Bizi garen mundu «gogor eta latzetik» deskonektatzeko, errealitatea bera hobeto interpretatzeko edo istorio berriak imaginatzeko balio duela esan du. 

Sanchezek, Laminek, Alonsok eta Lopezek beren irakurzaletasunari buruz hausnartu dute, eta hamaika erantzun eman dizkiote galderari: aisialdirako aukera ona delako, lasaitzen duelako, besteekin irakurritakoaz hitz egiteko, norberarekin daukagun harremana lantzeko, oinarri ideologikoak izateko. Alonsok esaldi bat gogoratu du pentsatu bitartean: «Autore bati gizakia istorioen depredadorea’ zela entzun nion noizbait, eta oso ondo deskribatzen gaituela iruditzen zait».

Eider Martinez de Arenaza Letamendi

Utzi iruzkina