Maria Jauregi: «Aita erail ondoren ere bizitza bizitzea erabaki nuen»

Dolua eta mina gertutik bizi izan dituen arren, Maria Jauregik ausardiz hartu du hitza, iragana oroitu eta etorkizun hobe bateraikitzeko asmoz.

Maria Jauregi (Legorreta, 1980) Juan Mari Jauregiren alaba, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko erreferente bihurtu da. Aita 2000. urtean hil zuen ETAk, Alderdi Sozialistan zinegotzi zein gobernadorelez egindako militantzia politikoa jomugan. 

Maria Jauregi, Juan Mari Jauregiren alaba (Yara Larrea)

Juan Mari Jauregi legorretarra, PSE-EEko kide eta Gipuzkoako Gobernadore Zibila izan zen 1994 eta 1996 artean. Bere konpromezu politiko eta sozialarengatik, ETAren mehatxupean egon zen urte luzez. Azkenean, 2000ko uztailaren 29an, erail zuen erakunde armatuak Tolosako taberna batean.

2000. urtera arte zure aitaren ibilbide politikoa ezaguturik, uste duzu horrek  eragina izan zuela zure gaztaroan? Nola bizi zenuen zuk hori?

Egia da nire aita gaztetatik murgildu zela mundu  horretan. Bera oso aktiboa zen, eta beti arduratzen zen gizarte mailan zeuden arazoetaz. 90. hamarkadan egon zen politikako lehen lerroan, zinegotzi bezala Tolosan. Ondoren Gipuzkoako Gobernadore Zibila izan zen. 1996an, hori utzi zuenean, lehen lerro hortatik kanpo geratu zen. Zinegotzi zenean, niri ez zidan bereziki eragin, baina bai eragin zidan Gobernadore Zibil izendatu zutenean. Horrek gure familian aldaketa handia suposatu zuen.  Bizkartzaina jarri behar izan zioten kargu hori hartuta ETAren helburu izan zitekeelako. Horrek guztiak familia guztiaren egitura eta antolatzeko modua aldatu zituen. 

Uztailaren 29an hil zuten. Nola bizitzen du hori 19 urteko gazte batek, gainera une horretako Euskal Herriko giro politikoa kontuan hartuta?

Garai hartan nire aita kanpoan bizi zen, gobernadore izateari utzi zioenean kanpora joatea gomendatu ziotelako, eta lehen lerroko politika hartatik aldendu zen. Bizkartzainekin bizi beharra izan zuenean bagenuen beldur hori.  Hala ere, ni beti saiatu nintzen horretan ez pentsatzen, eta egia da 2000. urtean  jada ez nuela buruan hori gerta zitekeenik. Momentu horiek oso gogorrak izan ziren. 19 urte neuzkan eta aurreko egunean lagunekin Leitza ingurura joanak ginen egun batzuk pasatzera.

Nola eragin zizun zure egunerokoan? Zer moduzko jarrera sumatzen zenuen ingurukoengan?

Nire lagun taldeak ez nau  inoiz baztertu; beti mantendu gara elkarrekin. Gogoan dut Gobernadore izendatu zutenean eta Donostiara bizitzera joan beharra izan zutenean ni ez nintzela beraiekin joan. Amonarenean geratu nintzen; Legorretan. Hein batean, ez nuen nahi egoera horrek nigan eragina izaterik. Bizitza bizitzea aukeratu nuen. Bizi egin nahi nuen, eta ez nuen nahi horrek ni ezertan baldintzatzerik.  Aita erail ondoren ere bizitza bizitzea erabaki nuen; aitak ere hala nahiko luke.

Huelvan ikasten egon zinen. Uste duzu herritik urrun egoteak nolabaiteko babes edo ‘arnasgune’ bat eskaini zizula?

Bai. Nik uste dut baietz. Esan bezala momentu horretan jada urtebete neraman kanpoan ikasten, eta hemendik urruntzeak asko lagundu zidan. Arnasgune hori izatea  mesedegarria izan zen.

2018an eman zenuen zure lehen elkarrizketa publiko garrantzitsua. Zer suposatu zuen zuretzat urrats hori emateak? 

Ez zait inoiz gustatu kamera aurrean hitz egitea, kasualitatez izan zen. Bilbon bizi nintzen, eta nire alabaren lagun baten aita kazetaria zen. Nire atzetik zeraman denbora bat, ea elkarrizketa bat egin nahi ote nuen… eta azkenean baiezkoa eman nion. Elkarrizketa amaitu bezain pronto lanera itzuli nintzen. Lehen erreakzioa lankide baten besarkada izan zen. Uste nuen laneko kontu batetaz hitz egitera zetorrela, baina esan zidan irratian elkarrizketa entzun zuela. Elkarrizketa horren ondoren jende asko hurbildu zait, nahiz eta askok aurretik jakin noren alaba naizen, lehendik ez direlako ausartu. Bide hori ireki zidan elkarrizketa horrek, eta mesede egin dit. Niretzako askatasun bat bezala izan zen.

Uste duzu oraindik ‘tabu’ gisa ikusten dela, edo isilune deserosoak dakartzala?

Ez dakit deserosoa den edo ez, baina osasuntsua bada. Uste dut hitz egin behar dela, hemen gertatu den zerbait delako. Herri honetan, ETAren biolentziaz gain, indarkeria mota ezberdinak jasan izan ditugu, eta uste dut horretaz hitz egitea beharrezkoa dela. Jakin dezagun denok, eta batez ere, atzetik datozenek, zer gertatu den, eta berriro gerta ez dadin. 

Pentsatzen dut zure hiru seme-alabei ere kontatu izan diezula gertatutakoa. Zer moduzkoa izan da etxe barruan istorio hori partekatzea? Nola bizi izan duzue? 

Ez da erraza. Nik hau transmititzerako momentuan ez nien gorrotorik transmititu nahi; naturaltasun osoz kontatu nahi nien. Maixabel pelikula atera zenean, duela hiru urte,  nire alaba zaharrenarekin ikusteko aprobetxatu nuen, berak hamaika urte zituela.  Momentu horretan galdera asko egin zizkidan, baina penstatu nuen hori guztia digeritu beharko zuela. Beti esaten diot nahi duenean komentatuko dugula, eta momentu hartatik hona ez dugu gaia ikutu. Beste biak txikiagoak dira. 

Maixabel filmak zuek bizitakoa islatu nahi izan du. Zure ustez, lortu du errealitatea modu zintzoan eta eraginkorrean islatzea?

Pelikula bat da, ez da dokumental bat. Gauza batzuk fikzionatuta daude, eta beste batzuk ez. Hala ere, orokorrean esango nuke baietz.  

Zure amak, Maixabel Lasak, aukera izan zuen zure aitaren erailketan parte hartu zuten ETAko bi kideekin aurrez aurre egoteko. Zuk zure burua haren lekuan imajinatzen duzu?

Duela bi, hiru urte zalantza gehiago izango nituen. Baina gaur egun suertatuko balitzait, esango nuke baietz. Prestatu egin beharko nintzateke, baina zergaitik ez. Pertsona horiek egindakoaren erantzukizuna hartu dute eta hori positiboa da denontzat. 

Prozesu horren atzean dagoen historiaz gehiago kontatuko zeniguke? Nola sortu zen harremana? 

Nire amaren kasuan beraien eskaria izan zen. Nire ama Eusko Jaurlaritzan lanean aritu zenean, biktimen arretako bulego zuzendari bezala, programa bat jarri zuten martxan horrelako ekimenak aurrera emateko. Hau prestatzen ari zirela etorri zitzaion eskaera zuzena. Momentu horretan pentsatu zuen berak  beti diola beste aukera bat eman behar zaiola jendeari, eta aukera ona iruditu zitzaion ea horretarako gai zen egiaztatzeko.  

Ze mezurekin amaitu nahiko zenuke elkarrizketa hau? hau da, zer esango zenioke gatazka garaian bizi ez izan baina ondorioak jasan behar dituen belaunaldi bati?

Esango nioke etorkizun bat eraikitzeko elkar errespetatu behar dugula. Elkar errespetatu behar dugula norberaren ideologi edozein izanda ere. Beti egongo da amankomunean dugun zerbait, eta horri heldu behar diogu denok batera aurrera egiteko.

Yara Larrea

Utzi iruzkina