Tra(d)izioen doinuak

Euskal Herriko kantu tradizionalak transmititu ditu herriak belaunaldiz belaunaldi. Antzoki, plaza eta oholtzak izan dira transmisio horren lekuko. Hala ere, musika estilo eta molde berriak ere iritsi dira, tradizio hori zertan den zalantzan jarri dutenak.

Trikitilariak omen dira euskaldunak, panderojoleak eta txalapartariak. Euskal Herriko musika tradizionala  arin-arin eta  fandango doinuetan iltzaturik dagoela diote batzuk. Badira ordea, gaur egungo musika modernoaren oinarrian dagoela diotenak ere. Tradizioa, leiala hala traizioa? Iker Lauroba musikariak (Donostia, 1975), Klara Mendizabal abeslariak (Donostia,1965) eta Maitane Iruiñek Mirua taldeko kideak (Tolosa, 1999) lehen pertsonan bizi dute auzia.

Mirua taldea, MIRUA

Gaur egungo euskal musikaren panorama ez da genero edo forma bakar batera mugatzen. Honakoa  dio Laurobak: «Gero  eta aniztasun handiagoa dago Euskal Herriko musikan, eta hori eskertzekoa da». 

Eraldaketak eraldaketa, edozein musika estilok tradiziotik edan izan du beti. Euskal Kantagintza berria sortu zenean, berrikuntzarako bidea hartu zuela. Aldiz, gaur egun, tradiziozko abestitzat hartzen dira. Berdina gertatu zen Ez Dok Amairuk sorturiko doinuekin. Mikel Laboaren txoriak txori abestia, garaian berrikuntza izan zena, gaur egun tradiziotzat dute askok. Non dago beraz musika tradizionalaren linbo eta esentzia? Laurobak eman dio erantzuna galdera horri, «Azken batean musika bat tradizionala bihurtzeko denboran irautea behar du». 

«Gure helburua guk entzun nahiko genukeen musika sortzea da, gure testuinguruari leial mantenduz»

Maitane Iruiñ, MIRUA

Haria eten ez dadin

Gizartea aldatu egin da, eta horrekin batera musika ulertzeko eta bizitzeko modua ere bai. Hala ere, tradiziozko doinuek bertan jarraitzen dute  oraindik. Nola da posible hori? Musika berriak tradizioa duelako sostengu eta tradizioak musika berria bizirauteko elikagai. Abesbatzetan erraz atzematen du hori Klara Mendizabalek: «Gure abesbatzek tradizioa izan dute iturri, eta tradizio hori abesbatzei esker mantendu da». 

Klara Mendizabal, sopranoa, Donostiako portuan,
June Iraola

Haur eta gazteekin lan egiten du Mendizabalek eta badaki zein zaila den gaur egungo umeak musikara hurbiltzea. Are  gehiago musika moderno horietatik at gelditzen diren kantuetara. «Egia da abesbatzek gaur egungo gizartearekin konektatzea oso zaila dela, baina nik saiakerak egiten ditut umeekin, musika modernoa erabiliz konektatuta daudela sentitu dezaten». 

Hor kokatzen da musika tradizionalaren etorkizunaren erronka nagusia: transmisioan eta egokitzapenean. Klara Mendizabalek argi du, «esperantza beti dela galdu beharreko azkena ». 

Berria zaharretik sortuz

Kontua kontu, dena ez da iluna ere. Tradizional horrek badu bere lekua mundu garaikide eta moderno honetan ere. Mirua taldearen disko berriak esaterako, Miruenea-k, norabide horretara egiten du jauzia. «Gure helburua guk entzun nahiko genukeen musika sortzea da, gure testuinguruari leial mantenduz», dio Maitane Iruñek. Hala, dantzarien saltoak, trikitixa, panderoa eta oihuak nahastu  dituzte elektronika eta esperimentazioarekin. 

Maitane Iruiñ, MIRUA taldeko abeslaria, MIRUA

Aspektu ugari tradiziotik hartu dute, baina ez kopia zaharkitu modura, berregite bide gisa baizik : «Erritmo asko daude birmoldatuak baina oso tradizionalak direnak», azaldu du. Aurrekoak entzunez egiten omen da sorkuntza  berria, «Gu sortzaile bezala aktibo gaude, baina entzule bezala gehiago, eta hori ere bada Mirua » aipatu du tolosarrak.

Noruntz goaz?

«Ez dut uste galduko denik, eraldatu egingo da» dio Laurobak. Batek daki zein norabide  hartuko duen tradizioak, baina badirudi ez dela desagertuko: moldatu egingo da, aldatu, berritu. Bide horretan , ordea, galdera bat sortzen da airean: non dago tradizioari leial izatearen eta hari traizio egitearen arteko  muga? Nahasketa eta moldaketa ez al da tradizioari traizio egitea? Musikari guztiek ez dute argi tradizioaren kontzeptua, «tradizio hitzak zer nolako  pisua duen eta zenbat eta zein  gutxi esan nahi duen aldi berean». 

Batzuentzat, berrikuntzak arriskutsuak dira; besteentzat,  bizirauteko ezinbesteko pausoak. Belaunaldi berriek hartu dute lekukoa, eta euren ahotsez eta doinuz jantziko dute aurrekoena, batzuetan mantenduz, besteetan hautsiz.

June Iraola

Utzi iruzkina