Albina Stardustek, sare sozialetan euskarazko edukiak partekatzen duen drag artistak, sareetan dauden arazoak eta haren bizipenak mahai gainean utzi ditu. «Sareetan ez bazara normatiboa, jai daukazu»
.
Albina Stardust (Burlata, 1997) «Burlatako trabestia, hogeita zortzi urte ditut eta Aries naiz. Ez bitarra, bisexuala eta begetarianoa ere naiz». Drag artista eta aktibista da. Itzulpengintza ikasketak egin zituen EHUn. ETBko Biba zuek! eta Piztu Telebista saioetako kolaboratzailea da. Drag tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizun ugari eskaintzen ditu Euskal Herriko beste drag batzuekin elkarlanean.

Markel Cantero
Elkarrizketan, sare sozialen munduaz eta bertan euskara, identitatea eta ikusgarritasunari buruz hitz egin du, glitter eta mezuz beteriko scroll batean.
Nola erabiltzen dituzu sare sozialak zure mezua eta artea zabaltzeko? Zein da zure mezua?
Nire mezua, nahi dugun bezala izan behar garela da. Zerbait hain sinplea, baina hain zaila dena eta hainbeste kostatzen dena. Mezu hontarako ere, askotan ideologia ezberdin bat duten pertsona multzo bati molestatu behar diet, haiek horrela jarraitu ezin dutela uler dezaten. Asko aldarrikatzen dut guk ez dugula arazorik, guk gure bizitza bizitzen dugula eta listo, arazoa gurekin sartzen direnek dutela.
Sareetan mezuak zabaldu egiten ditut, bai argazkiekin, look batekin eta bai nire podcastearen clip batekin. Gauza ez hain pisutxuak partekatzearekin ados nago, adibidez lehengo egunean supermerkatuko haul bat igo nuen, supermerkatura joan nintzelako eta erositakoa erakutsi nahi nuelako.
Libre sentitzen zara sareetan edo batzuetan presioa nabaritzen duzu?
Ez. Ez naiz libre sentitzen, ez sareetan, ez kalera ateratzerakoan. Beti kezka batzuk aurkezten zaizkit, kontzientea izatea zer gai jorratu dezakedan ala ez adibidez. Hau da, ezagutza ez daukadan gaiei buruz hitz egitea ekiditzen saiatzen naiz. Baina Hate-a edukitzeak ez nau kezkatzen. Fachirulo edo Terfa bat nire kontran badago, zeozer ondo egiten nagoelaren seinale da. Beste alderdi batzuetan libre sentitzen naiz. Edozein look-ekin argazkiak igotzen ditut fisikoari gehiegi erreparatu gabe. Hori zaila egiten zait, gorputzarekin borroka handia dudalako, nire burua ezagutzearen prozesu bat baita.
«Erridikulua egin behar dugu. Begira ezazu kalera nola ateratzen naizen. Edozer gauza gaizki esaten badut, lurrera erortzen banaiz, euskara gaizki hitz egiten badut edo ergatiboa ez badut ongi erabiltzen niri bost axola»
Albina Stardust, Drag artista
Kontaiguzu zure podcast-ei buruz: nola sortu zen ideia eta zein gai lantzea gustatzen zaizu?
Bi podcast ditut. Lehenengoa Flop Kultura da, nire bikotearekin batera, gure proiektu handiena izan dena. Kotxean hitz egiten denbora asko pasatzen dugu, beraz beti insistitzen nengoen podcast bat egiteari buruz, gay kulturako gaiak euskaraz lantzen ez direlako. Marikoneoa behar dugu euskaraz, mamarracheo-a, eta hori izan da bereziki gure bidea eta hortara eraman gaitu.
Ondoren, Albina Stardusten 10 mandamenduak podcast-a sortu dut, non gonbidatu batekin, astero, hamar mandamenduetako bat hautatzen dugu, eta gaia ikuspuntu ezberdin batetik aztertzen dugu. Bi helbururekin egin dugu, bata dibertitzea da, eta bigarrena, pertsona jakin batzuei zirikatzea.
Inoiz sentitu duzu aktibismoa nahi gabe egiten duzula zu publikoan izate hutsagatik?
Askotan aktibismoa zer den galdetzen diot nire buruari. Elkarteetan eta batzordeetan lan egiten dutenekin konparatzen naiz, eta nik egiten dudana aktibismoa ez dela pentsatzen dut. Baina, ulertzen joan naiz nire aktibismoa, existitzea dela; ez drag-an bakarrik, Eneko bezala existitzea, pertsona ez bitarra izatea, kalera ateratzea… aktibismoa ere da. Aktibismoa bizitzea dela esango nuke.
Zer etorkizun irudikatzen duzu sareetan eta eszenatokietan?
Interesgarriagoak diren ahots berriak ikusten ditut. Oraindik ere asko falta da, ‘matxirulo’-ek egiten dituzten datuekin, disidenteak egiten ditugunekin konparatzen. Hor ikusten dut borroka bat dagoela aniztasuna bilatzen. Beraz, aniztasuna irudikatzen dut.


ㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤㅤ
