Jaien mozorropean dauden eraso matxistak

Festaren zarataren atzean, beldurraren isilpeko ahotsak daude ezkutuan. Ainara Urteaga Idiazabalgo talde feministako kideak argi adierazi du: «Emakumeak ez lirateke entrenatu behar erasoengandik babesteko. Gizonak hezi behar dira ez erasotzeko». 

Beasaingo Loinatz Jaiak, mozorro eguna, 2024, Inge Altuna

Festak elkarbizitzarako, ospakizunerako eta askatasunerako espazioak izan beharko lirateke. Kaleak kolorez janzten direnean, herriak bere nortasuna ospatzen du, musika, dantza eta elkartasun giroan bilduta. Baina argi horien azpian, badira itzalak ere. Emakume askorentzat, festak ez dira soilik pozaren eta alaitasunaren sinonimo. Jai giroa ez da beti segurtasunaren sinonimo. Batzuek barruan daramate tentsioa, besteek beldurra; badira gauetan bakarrik ez ibiltzeko planak, arropa neurtzeko kezkak, eta beti prest egoteko defentsa mekanismo isilak. Askatasunaren itxurapean, kontrolaren eta arriskuaren sentipen etengabea gailentzen da.

Ainara Urteaga Idiazabalgo talde feministaren partaidea da. Beste hainbat arloren artean, herriko festetan emakumeen kontrako jarrerak eta erasoei aurre egiteko lan egiten dute. Urtegak esan du arazo sistematiko bati aurre egin behar zaiola: «Ez dira gertakari isolatuak, baizik eta kultura matxistan errotutako jokaerak».

Emakumeen gorputzak objektu gisa tratatzea, baimenik gabeko ukituak, begirada sexualizatzaileak edo «broma» gisa mozorrotzen diren irainak egunerokoan ikusten dira, eta jaietan oraindik gehiago. Urteagaren hitzetan, «arazoa ez da beti muturreko erasoa, baizik eta normaltzat hartzen diren jarrera sexistak». 

Honen inguruan hainbat neurri hartzen diren arren, Urteagak firmeki salatu du horiek ez direla nahikoak: «Ez da emakumeen ardura euren burua babestea. Emakumeak ez lirateke entrenatu behar erasoengandik babesteko. Gizonak hezi behar dira ez erasotzeko».

Urteagaren hitzetan, askotan zailena ez da erasoa bera identifikatzea, baizik eta ingurukoen erreakzio eza edo zamarekin bizitzea: «Askotan emakumeek ez dute salatzen, ez soilik beldurragatik, baizik eta errua sentitzen dutelako edo jendeak sinetsiko ez diela pentsatzen dutelako».

Euskal Herriko 18-30 urte bitarteko 15 emakume gazteri hainbat galdera egin zaizkie festetan izan dituzten bizipenen inguruan, eta galdetegia zientifikoa ez den arren, datuak koherenteak dira eta emakumeen egiazko bizipenak erakusten dituzte.

Emaitzek egituratutako eta errepikatzen den errealitate bat erakusten dute: galdetegia bete duten emakumeen %94k noizbait deserosotasuna sentitu dute gizonen jarrerengatik. Gehienetan ez dira gertakari bortitz isolatuak, baizik eta etengabe errepikatzen diren jarrera eta egoerak: komentario sexualak, begirada deserosoak, edo espazioa inbaditzeko moduak. Horien artean, %80k hitzezko erasoak jasan dituzte (irainak, komentario sexualak edo jarrera mehatxatzaileak), eta %60ak, berriz, baimenik gabeko ukitu fisikoak jasan dituzte, batez ere dantzan edo jendetza handia dagoen lekuetan, non espazioaren kontrola galtzen den.

Eraso horien aurrean, inork ez du poliziarengana jo. Salaketa formalen falta ez da gertakarien larritasunaren isla, baizik eta babes faltarena. Gehienek lagunei kontatu diete gertatutakoa, edo besterik gabe isildu egin dira. Isiltasuna, sarri, babes mekanismo bihurtzen da, errua ez sentitzeko edo ingurukoen epairik ez jasotzeko.

Horren aurrean, emakumeen %94k babes moduan neurri bereziak hartzen dituzte jaietan irtetzean. Estrategia horiek eguneroko bizitzan txertatuta daude, eta askotan oharkabean hartzen dira, txikitatik barneratzen baitira. Emakume batek galdetegian honela azaldu du: «Festetara ez gara guztiz lasai joaten. Gure parte bihurtu da: ez edan gehiegi, ez ibili bakarrik, ez jantzi ‘gehiegi erakusten’ duen arropa. Gizon batek ez du horrelakorik pentsatu behar».

Erasoei aurre egiteko giltza ez da emakumeen estrategia eta erresistentzian soilik bilatu behar: gizartearen ardura kolektiboa da, eta batez ere, gizonen jokabideak eta heziketa dira errotik eraldatu beharrekoak.

Beasaingo Loinatz Jaiak, 2025, Inge Altuna

«Konfiantzazko laguna zen, eta ez zen gelditu»

20 urteko emakumea, unibertsitateko ikaslea. Anonimotasunean mantendu nahi du, bizitakoa oso gogorra izan baitzen eta oraindik ere zaila egiten baitzaio hitzez adieraztea. Herriko jaietan gertatu zen dena, lagunartean, konfiantzazko laguna zen norbaitengandik:

Herriko festak ziren eta unibertsitateko lagun batzuk joan ziren bisitan. Emakumeak aitortu du lagun hori asko hurbildu zela beregana eta normalean baino gehaigo ukitzen zuela. Berak ez zuen «ezer arrarorik edo intentzio txarrik» somatu bere jarreran.  Autotxokeetara joan ziren gero, eta biak auto berean eseri ziren. Orduan alarma guztiak piztu zitzaizkion. «Halako batean, berak eskua nire iztarrean jarri zuen, eta ukitzen hasi zen. Esan nion eskua kentzeko eta bakean uzteko, baina ez zuen kasurik egin. Are gehiago, belarrira galdetu zidan ea gustatzen zitzaidan». 

Ez zuen salaketarik jarri. Lagunei kontatu zien gertatutakoa, eta babesa jaso zuen, baina ez zen erraza izan: «Errua sentitu nuen une batean. Nire buruari esaten nion: agian nik emandako mezua nahasgarria izan zen? Gero konturatu nintzen ezetz, errua ez zela nirea».

Gertakari horrek segurtasun eza areagotu zuen: «Deskonfiantza gehiago izaten hasi nintzen, beti kontrolatzen nor nuen inguruan, nola jokatzen duten, distantzia markatzen… Nekagarria zen, baina ez nuen nahi horrelakorik errepikatzerik».

Gizarte osoaren ardura da jaietan segurtasuna eta errespetua bermatzea. Emakumeek askotan beren espazioa babesteko neurriak hartzen dituztela ikusten da; eta horrek, berdintasunezko testuinguru bat lortzeko oraindik lan handia egin behar dela erakusten du. Festa ingurune segurua eraikitzea komunitate osoaren lankidetza eskatzen duen eginkizuna da, eta prebentzioa, sentsibilizazioa eta erantzukizuna ezinbesteko osagaiak dira horretarako.

Inge Altuna

Utzi iruzkina