Josu Zubia: «Pailazoaren egin beharra, muga horiek guztiak haustea da, eta hor agertzen da gure benetako izaera»

Urtez urte haurrei umorea eta magia oparitzen aritu da Josu Zubia ‘Potx’. Pailazoak oholtza gainean dituen indarguneak handiak izan arren, ahuleziak ere agerian agertzen direla azaldu du Zubiak.

”Potx eta Lotx” pailazoak lokalean.

Josu Zubia oñatiarra da, baina herrian eta herritik haratago Potx izenarekin ezagutzen dute askok. Pailazoa da, baina baita herritarra, sortzailea, euskaltzalea eta magoa. Antzerkia eta magia uztartzen dituen artista ere bada. Irazan Antzerki Gunean egiten duen lanaren bidez, hainbat belaunaldiri sormenaren eta emozioen balioa erakutsi die. Euskal Herriko oholtzen gainean zein Oñatiko plazetan aritzen da Itziar Arkauzekin batera, Potx eta Lotx-en emanaldia eskainiz.

Noiz eta zergatik hasi zinen antzerkiaren munduan? Zerk erakarri zintuen pailazo izatea?

Ez dakit oso ondo zergatik hasi nintzen, oso pertsona lotsatia izan naiz oro har. Hala ere, txikitatik gustatu izan zaizkit ikuskizunak. DBH3an, adibidez, liburu baten aurkezpena egin behar nuen eta ez nintzen kapaz izan. Ez dakit zer pasatu zitzaidan burutik mundu honetan sartzeko, baina magia egiten hasi nintzen, eta hortik antzerkira iritsi nintzen.

Potx izateak Josu izatearekin zer du ikustekorik? Zer aldatzen da makillajea jartzen duzunean?

Makillajea jartzean ez da hainbeste aldatzen. Lehenik eta behien, pailazoa eta pertsona. Pailazoak berez pertsonek dituzten akatsak dira, baina handiagotuta. Gu txikiak garenetik, gure buruak eta inguruneak muga asko jartzen dizkigute, eta muga horiek gure identitatea osatzen dute. Pailazoaren egin beharra, muga horiek guztiak haustea da. Hor agertzen da gure benetako izaera. Orduan sudur gorria jartzean beste mundu bat sortzen da, eta hortik agertzen da Josun beste aldea.

Zein da pailazo baten superboterea? Eta zein da bere ahulezia handiena?

Pailazo baten superboterea argitasuna da. Inteligentziak bere mugak dauzka, ez dugu dena ezagutzen, baina tontokeriak ez, eta hor barruan zer dagoen, bertara sartzen jakin daiteke. Pailazo batek dena joko bihurtzen du, denari barre egiten dio eta emozioak ehuneko ehunean bizi ditu. Beraz pailazoak, gure egunerokotasunean ohituta gauden logika hori iraultzea lortzen du. Eta pailazoaren ahulezia handiena, ordea, ez dela betierekoa. Eginkizun artistiko bat da, energia asko eskatzen du pailazo izaerak.

Zein izan da zuen anekdota barregarriena eszenatokian?

Eszenatokian anekdota asko izan dira. Nire mikrofonoa ez badabil, momentuan moldatu behar gara, jendea ez ohartarazteko. Badago beste anekdota bat, egun batean taldekideok afaltzera joan ginen, eta zerbaitek kalte handia egin zigun, batez ere niri. Hurrengo egunean ikuskizuna genuen, eta goiza komunean pasatu nuen, botaka. Hala ere, ikuskizuna egin nuen eta amaitzean, txaloen ostean, berriro komunera joan nintzen. Hori izan zen nire ikuskizunik txarrena.

Publikoaren barre algara entzutea… nolakoa da barrutik? Engantxatzen du?

Oso polita da. Hori da gure lana, jendeari barre egitea, eta orduan lortzen dugunean, bete egiten gaitu. Gainera, pista asko ematen dizkigu. Adi egon behar gara, gure ikuskizunak ez dira beti berdinak. Jendearen erreakzioak esaten digu, jendea bizirik dagoela, eta bestalde, hor daukazula bide bat non gauza batzuk esajera ditzakezun, jendeak ondo pasatzeko.

Zer ikasi duzu jendearengandik eta zeure buruaz pailazo lanetan ari zaren bitartean?

Potx izateak ikusarazi dit jendea benetan nolakoa den: barreak, mugak eta erreakzioak ezagutzeko leiho bat da. Haurrengandik, adibidez, bat-batekotasuna, ume batek ez du disimulatzen, ikusten duena polita bada zur eta lur egongo da, baina ez bazaio gustatzen, jaiki eta joan egingo da. Nire buruaz konturatu naiz, gorputz baten arima asko sartu ahal direla. Potx oso espontaneoa eta irekia da, ni, ordea, askoz itxiagoa naiz.

Oholtza gainean zerbait gaizki irteten bada, zer gertatzen da?
Ezer eta dena. Adibidez, Ordizian, maiatzaren 4an ikuskizun bat eduki genuen. Aurreko gabean mikrofono guztiak lapurtu zizkiguten. Hala ere, ikuskizuna aurrera atera genuen, nahiz eta burua beste nonbait izan. Akats pila bat egin genituen, baina pailazo batek hori erabili behar du jendeari barre egiteko. Gidoia oso gaizki joan zen, baina oso ondo pasatu genuen.

Amaitzeko: 2026ra bidean badaukazue ideia berririk prestatuta? Edo badaukazu proiektu berririk buruan?

Bai, zerbait badaukagu egosten, baina poliki poliki garatzen joan behar diren proiektuak dira. Ez dira handiak baina guretzat bai. Guk denbora behar izaten dugu, urte eta erdi edo bi urte proiektu bat aurrera eramateko, izan ere, Potx eta Lotx gaur egun ez da gure ogibidea, oso zati txiki bat soilik. Beraz, zerbait badaukagu buruan baina lasai lasai, horrela gustatzen zaigu.

Sofia Martinez

Utzi iruzkina