Gasteizko eta Arabako Errioxako eskualdeen artean kokaturiko konderrian bizi direnek Gasteizen egiten dituzte haien eguneroko ekintzak. Bertan ikasi, lan eta aisialdiko ekintzak burutzen dituzte. Hala ere, Burgoseko administrazioaren menpe daude, haien egunerokotasuna baldintzatuz.
Trebiñuko konderria Burgosen menpe dagoen eta Arabak inguratzen duen lurraldea da. Eremua Argantzun eta Trebiñuko udalerriek osatzen dute. Herri horietan bizi direnek Araban egiten dituzte haien egunerokotasuneko ekintzak, baina lurraldearen antolaketa administratiboa Gaztela eta Leongo erkidegoari dagokio. Hala bizi dute Pablo Ortiz de Latierrok, Ritxar eta June Astegietak; hirurak eskualdeko biztanleak. Pablo Ortiz de Latierro Trebiñuko EH Bilduko arduradun politikoa da, eta behinola, Argantzungo alkatea izan zen. Ritxar Astegieta zinegotzia da Trebiñuko Udaletxean, eta June Astegieta bere alaba da; batxilergoa egiten ari den ikaslea.

Jagoba Esain historiako irakaslea da Gasteizko San Viator ikastetxean, eta bere esanetan, Trebiñuren kasua «ezohikoa» da. XIV. mendean gatazkak zeuden Gaztelako Erresuman; izan ere, gerrak zeuden nobleen artean botere handiagoa eskuratzeko helburuarekin. Egoera horren aurrean, Gaztelako erregea zen Enrike II.ak Trebiñuko nobleen babesa lortu zuen, trukean lurraldea emanez. Historialariak adierazi bezala, «egungo terminologian, kuadeaketa publikoa izatetik, pribatura igaro zen». Aurrerago eman ziren bando-gerretan, elkartasuna bilatzen zen Arabako nobleen artean, ermandadeak sortuz. Trebiñuk ez zuen parte hartu 1458ko ermandadean, eta hori izan zen Arabako probintziaren aitzindaria. Gizartea eboluzionatuz joan zen eta 1833an probintzien banaketa egin zen, Trebiñu Burgosen integratuz. Hala, garrantzi handiagoa izan zuen tradizioak geografiak baino.

Fernandez (Wikimedia Commons)
XX. mendean mugimendu handia egon zen Trebuñuren etorkizunaren inguruan erabakitzeko erreferendumetan. 1940an Burgoseko gobernadore zibilak sustatutako kontsultan %98ak adierazi zuen Araban integratzeko nahia. 1998an, gainera, Trebiñuko udalerrian egindako galdeketa batek baiezko emaitza berretsi zuen. Dena den, emaitzak atzera bota zituen Gaztela eta Leongo epaitegi gorenak.
Eguneroko bizitzaren ertz ezberdinak
Argantzunen bizi den Pablo Ortiz de Latierro eta Trebiñuko Ritxar Astegietaren arabera, haien eguneroko bizitza Arabako gainontzeko herrietan ematen denaren «oso antzekoa» da. Hala ere, gehiengoak Gasteizen egiten du bizitza, eta bertara joaten dira lan egitera, ikastera edo osasun-arreta jasotzera. Dena den, ezohikoa den zerbait egiterako garaian sortzen dira arazoak; azken batean, argantzundarraren hitzetan, gertatu izan da 112ra deitu eta «koordinazio arazoak» egotea arabarren eta burgostarren artean. Astegietak adierazi bezala, gainera, egin beharreko tramitearen arabera Burgosera edo Valladolidera joan behar izaten dira, Gasteiz hogei minutura daukatenean.
“Tramite batzuk egiteko
Burgos edo Valladolideraino
joan beharra dago”Pablo Ortiz de Latierro, eskualdeko arduradun politikoa.
Egoera horren aurrean, askok Gasteizen edo Arabako herrietan erroldatzea erabakitzen dute. Ortiz de Latierroren esanetan, «Trebiñarren erdia baino gehiago» Gasteizen dago erroldatuta. Horrek abantailak dakartza osasuneko espezialistak lortzeko zein errenta-aitorpenaren aldetik, baita bestelako tramiteak egiterako garaian ere. Astegieta gazteak, besteak beste, ezin du gazte txartelik izan Burgosen erroldatuta egote hutsarengatik eta horrek «amorrarazi» egiten du. Euskararen normalizazioa ere zaildu egiten du estatus politikoak. 2021ean egin zen euskararen normalizaziorako plana atzera bota zuen Burgoseko epaitegiak, «ez baitago oinarri legalik euskara indartzeko Gaztela eta Leonen».
“Neguko egun batzuetan
klasera joan gabe geratu naiz
Zaldiaraneko portuko
elurrarengatik”June Astegieta, bertako ikaslea.
Trebiñun Lehen Hezkuntzako eskola publikoa dago; gazteleraz eta ingelesez. Zinegotziaren hitzetan, «tristea» da eskualdean dagoen eskola publiko bakarra hori izatea eta horren ikasle gutxik erabiltzea. Argantzunen, ostera, Ikastolen Elkarteko Ikastola dago. EAErekin egindako akordio baten bidez, bertako ikasleei Arabako eskolak ere badagozkie; mendebaldekoei Langraiz Oka eta ekialdekoiei Adurtza. Hamasei urte izan arte autobusa izaten dute, baina hortik aurrera, «haien kabuz» moldatu behar dutela baieztatu du trebiñarrak. Horixe da June Astegietaren kasua. Egunero Arabako Aldundiaren taxia hartzen du bere herritik beste herri batera, eta handik Lagrandik datorren busa Gasteizeraino. Elurra egin izan duenean askotan geratu izan da klasera joan gabe. Zaldiaraneko portua igarotzerako garaian, Astegietaren esanetan, «ohikoa da Arabako zatia garbi egotea eta Trebiñuko zatitik igaro ezin izatea». Behin Gasteizera helduta, autobusetik jaitsi eta egin beharreko hori hasten den arte «tarte luzeak» itxaron behar izatea «gogorra» egiten zaio June Astegieta ikasleari.
