Psikologo eta neuropsikologoa da Nahia Arzelus. Bere ikuspegi profesionaletik, garapen kognitibo eta emozionala oinarri hartuta, festetan hasteko adinaz, lagunartearen eraginaz eta familiaren zereginaz aritu da. Autonomia eta ongizatea eskutik helduta joan behar dutela nabarmendu du, eta oreka hori bilatzea dela gakoa.
Nahia Arzelus, Beasainen.
Gaur egun ohikoa da nerabeak goiz hastea festetara joaten, eta horrek zalantza eta kezkak sortzen ditu askoren artean. Noiz da une egokia horretarako? Psikologa eta neuropsikologa den Nahia Arzelusek (Ormaiztegi, 1974) honen inguruan ideiak argi ditu. Nerabeen garapen emozional eta kognitiboaren, festetan hasierak ekar ditzakeen arriskuez, adin egokiaz eta familiaren zereginaz aritu da. Autonomiaren eta ongizatearen arteko oreka zaintzea funtsezkotzat jotzen du.
Zein da, zure ustez, festetan hasteko adin egokia nerabe batentzat? Zer faktorek baldintzatzen dute adin hori?
Ez da erraza adin jakin bat zehaztea, baina zenbat eta adin handiagoa izan, orduan eta egokiagoa izaten da festetan ateratzeko unea finkatzea. Esaterako, 15-16 urtetik aurrera, nerabeak gurasoen gainbegiratzearekin ateratzen hasi daitezke.
Faktoreen aldetik, norberaren heldutasun emozionala litzateke eragile nagusia. Bestalde, gizarteari dagokionez, lagunartea, familiako harremanak eta antzeko arrazoiak izaten dira eragin handiena dutenak.
Ba al dago arrisku handirik nerabeak oso gazte hasten badira festetan? Zein eragin izan dezake garapen emozionalean?
Bai, asko. Izan ere, nerabe bat oso pertsona gaztea da, eta heldutasun emozionala jasotzen diren esperientzien arabera lortzen da. Beraz, geroz eta gazteagoa izan, esperientzia horiek urriagoak dira.
Nerabe bat oso goiz hasten bada festetan, dituen esperientzia pertsonalen eta jarraitzen dituen portaeren arabera, eragin negatiboa izan dezake heldutasun eta emozio alorretan. Azken finean, pertsona bakoitzaren esperientziek, heldutasun mailak eta familian duen euskarriak baldintzatzen dute guztia.
Zein paper jokatzen dute lagunek eta taldeko dinamikek adin honetan?
Oso paper garrantzitsua jokatzen dute, adin horietan identitate soziala garatzen delako, eta nerabe batentzat lagunartea zein bestelako harreman sozialak ardatz oso garrantzitsuak direlako.
Nahia Arzelus, Beasainen.
Zein rol izan beharko lukete familiek edo gurasoek gai honetan? Nola ziurtatu dezakete seme-alaben eta festen arteko oreka osasuntsua?
Hasiera batean, gurasoen papera oso garrantzitsua da. Haien eginbeharra da nerabeekin irteten hastea. Esaterako, jairen bat badago eraman, jasotzera joan edo ordutegiak adostu. Horrelako jarraibideek asko laguntzen dute hasiera hori errazago egiten. Gero, nerabeak handiagoak direnean lagunekin joan nahi izaten dute. Orduan, garrantzitsua izaten da gurasoek itzultzeko orduak zehaztea eta elkarrekin antolatzea —adibidez, nork jarriko duen kotxea eta norekin itzuliko diren—. Ikuskapen minimo bat, beti, ezinbestekoa da.
Azken finean, komunikazio irekia izatea funtsezkoa da. Gurasoek haien esperientziak partekatu behar dituzte nerabeekin, eta irtetearen arauak elkarrekin adostu. Prozesu hau pausoz pauso joaten da aurrera, eta pauso bakoitzean elkarrizketa ezberdinak izatea beharrezkoa da.
Zein dira arriskurik ohikoenak festan goiz hasten diren nerabeentzat? Zein neurri har daitezke arrisku horiek gutxitzeko?
Arrisku nagusiak, denok dakigun bezala, alkohola eta drogak dira. Alkohola gure inguruan oso onartua dago, eta gazteak goiz hasten direnez edaten, patroi horiek normalizatzen joaten dira. Drogekin ere kontuz ibili behar da, konsziente izanez nerabea zein taldetan dagoen, eta inguruan drogak eskaintzen diren ala ez. Buruarekin jokatzea ezinbestekoa da.
Batetik, oso garrantzitsua da familia bera eredu egokia izatea. Arriskuak hor daude, eta nerabe bakoitzak bere lagun taldea du. Aurretik aipatu den bezala, lagun taldea oso ardatz garrantzitsua da nerabeentzat. Hori dela eta, komunikazio garbi eta osasuntsua izatea funtsezkoa da. Horrez gain, nerabeari beti konfiantza ematea ezinbestekoa da, edozer gertatuz gero gurasoengana jo dezaketela jakin dezaten.
Zein balio edo gaitasun irakatsi beharko genizkieke gazteei festak modu osasuntsuan bizitzeko?
Oso garrantzitsua da pertsona batek heldutasun emozional gero eta handiagoa izatea, halako arriskuen aurrean erantzun egokia eman ahal izateko. Hala ere, hori horrela ez den kasuetan ere, oso garrantzitsua da nerabeei aholkuak ematea eta gainbegiratze bat izatea —esate baterako, nolako kuadrilla duten eta zein inguruneetan ibiltzen diren—. Izan daiteke kuadrilla osasuntsu bat izatea, baina beste talde batzuekiko erakarpena sentitzea.
Horregatik, komunikazio ireki bat izatea oso garrantzitsua da; ez parean jartzea, baina bai argi uztea ateak irekita daudela edozer gertatuz gero. Aldi berean, aholkuak eman eta muga batzuk ezartzea beharrezkoa da, prozesu horretan nerabeak modu osasuntsuan ateratzen hasi daitezen.