Iruñerriko hainbat kultur diziplinetako sortzaileen komunitateak balio handia du Aritz Ibañezentzat. Hala ere, kode batzuk finkatu eta gai batzuekiko kontzientzia garatzeko beharra dagoela ere nabari du.
Duguna dantza taldeko kidea da Aritz, eta 30 urte baino gehiago daramatza taldean. Iruinkokoaren sorreraren lekuko ere izan da, eta egun Iruñerriko komunitatean adierazpide artistiko ezberdinen arteko elkarlana sustatzen dihardu.

Iruñerrian, bada arte diziplina ezberdinen arteko komunitate gisako zerbait. Musikari abilak eta estilo anitzak ere badira eremu oso txikian. Mugimendu horren guztiaren parte dela sentitzen al duzue Duguna dantzari taldea?
Nik uste dut baietz. Baina esango nuke askotan beste esfera batzuetatik folklorea menosten dela. Ordea aipatutako talde ugaritan daude Dugunako musikariak, eta dantzaririk ere bada tartean. Hala nola, Los Zopilotes Txirriaos edo Goxuan Salsa taldeetan. Ibil bedikoekin ere kolaboratu izan dugu. Dugunako jende bat, Iruinkokoan (Iruñeako libertimenduan) ere badago sartuta, eta Broken Brothersekoek, Skabideanekoek edota Chill Mafiakoek ere hartu izan dute parte bertan. Azkenean, harremanak egiteko tresna aproposa da, eta handitzen ari dira urte guztian zehar mantentzen diren sareak.
Beraz bai, sarri egin izan dugu lan elkarrekin, eta bada komunitate bat, baina ez dakit kontzienteki sortua izan ote den. Uste dut antzeko pentsamoldeak dituen jendea mugitu dela esparru ezberdinetan, eta nolabaiteko sare bat sortu dela, norabide berean diharduten taldeen artean. Eta bada komunitatearen zerbitzu izateko hautu kontziente bat, baina esango nuke izan duela txiripatik ere. Orain gora egin duen bezala, behera ere egin dezake edozein unetan. Horregatik, ez nuke aparteko loraldi gisa izendatuko.
Iruinkokoa aipatu duzu. Horrelako ekimenak autogestioaren bidez bururutzeak izaera edo nortasun bereizgarri bat ematen al dio bere bueltan mugitzen den komunitateari?
Bai. Iruinkokoan badira parte hartzaile batzuk, zeinak beren alorretako profesionalak diren. Baina hona justuki ez profesional gisa etortzen dira. Komunitatearen alde edo horretan sinestuz. Bada kezkatzen gaituen zerbait ere urteek aurrera egin ahala hartu duen ikusgarritasuna. Baina printzipioak argiak dira. Askotan ikuslearen rola hartu ohi dugu, baina horrelakoek hain zuzen eragile edo arizale izateko interesa dute. Gu aritu gaitezen, zain egon gabe beste bat aritu dadin. Merkatuak horrera eraman gaitu.
Gaur egun bertsolariei dagokie bertsotan egitea. Haiei egotzi diegu rol hori, dantza egitea dantzariei eta kantatzea kantariei egotzi diegun bezala. Uste dut gure herri kultura mugiarazi eta biziarazteko, inportantea dela aritu gaitezen, hain zuzen ere uler dezagun hortatik sor daitezkeela beste gauza batzuk ere. Bestela beti sortuko du merkatuaren dinamika horretan dagoenak eta uste dut horrek ez gaituela urrunegi eramanen, merkatuak bere legeekin funtzionatzen baitu, ez gure komunitatearenekin. Uste dut Iruinkokoan ari den jendeak baduela hori buruan, eta etor daitekeen edozein itzal uxatuko dugula.
Iruñeako Arrosadia auzoan ere duela gutxi sortu dute libertimendua. Ba al dago harremanik Arrosadiakoaren eta Iruinkokoaren artean?
Hor ere ari da sortzen halako komunitate bat, baina uste dut ongi legokeela koordinatzea, bestela balitekeelako aukera batzuk galtzea. Libertimendua Nafarroa Behereko herri ezberdinetan egiten den arren, iruditzen zait badirela kode partekatu batzuk. Horrek libertimenduaren genero edo formatu horrek zer ematen duen ulertzea ahalbidetzen du. Hemen orain beste kimu batzuk sortzen ari diren honetan, kode batzuk partekatzeko aukera daukagu, genero honek Iruñean pisu edo zentzu handiago bat har dezan.
Genero honen hedatzeari beraz, arriskurik ere ikusten diozu.
Bai. Artedrama deitzen den disziplina ezberdinen arteko nahaste horrek, nahiz berez ez diren guk uste bezain ezberdinak eta guk ezberdin gisa ulertu arren garai batean gauza bera ziren, batzuetan libertimenduaren forma hartzen du, beste batzuetan maskaradena… Badira kabalkadak, badira pastoralak… Gauza ezberdinak egin daitezke, eta batzuetan zalantza sortzen zait ez ote diogun libertimendua deitzen beste toki batzuetan libertimendua ez den zerbaiti. Hortaz ere kontziente izan beharko ginateke. Baina azkenean horrelako gauzak zabaltzean arrisku hori ere bada.
Azken urtean, urtean zehar ere egin duzue lan Iruinkokoko jendearekin. Hauekin esparru tradizionalean sarri ikusten ez ditugun osagai edo koloreen bidez plazaratu dituzue zuen dantza tradizionalak. Zein izan da emaitza?
Elkarlan hau ere, Iruinkokoaren baitan aipatu dugun sarearen eskutik etorri da. Musikarien artean egin ohi dituzten elkarlanen gisan musikarien eta dantzarien arteko elkarlana sortu dugu oraingoan, eta interesgarria iruditzen zait. Dugunaren 75. urteurrenaren harira kolaboratu genuen lehen aldiz beraiekin baina uste dut izan dezakeela jarraipen bat. Ez soilik musikari hauekin, baita bertsolariekin ere. Gure trokeo dantzak bertso doinuak deitzen diegun horien gainean sortuak dira, niretzako dantza doinuak baitira, bertsolariek bertsotarako erabiltzen dituztenak. Baina berez gauza bera dira, inprobisatua izan edo ez gauza bera egiten ari baikara. Hizkuntza berean mintzo gara, bertsolariak hitzez eta gu dantzaz.
Bide interesgarria iruditzen zait musika, bertsoak eta dantza uztartzearena. Libertimenduan gertatzen denaren antzeko zerbait da, beste forma batean. Garai batean ere gertatzen zen. XVI eta XVII. mendeetako aipuak daude, nola etortzen ziren saltinbankiak Iruñeara eta antzerkia, dantza musika etab. egitera geratzen ziren. Eredu horiek oso interesgarriak iruditzen zaizkit gaur egun ere, eta garai hartan funtzionatzen bazuten zergatik ez ote dute gaur egun aktualitatera egokituta funtzionatuko. Orain dantzariak ari dira alde batetik, musikariak bestetik… Nire ideia komunitatearendako herramintak zireneko garaira itzultzea da.



Iruñea, 2019 Irunkokoa, dantzan.eus elkartea