Adimen Artifizialaren agerpenak arteari buruzko kezka asko sorrarazi ditu. Gaur egun eztabaida ugari sortu dira jendeari ez zaiolako etikoa iruditzen tresna hori artelan bat sortzeko erabiltzea.
Artea iraganetik ikusi dezakegun arren (kobazulo batean bufaloak margotzen zirenean, edo elizetako kristalak tindatzen zirenean, adibidez), artearen eta edertasunaren kontzeptua XVI. mendean agertu zen. Italiako errenazimenduarekin batera sortu zen, eta kontzeptu horrek bilakaera handia izan du geroztik. XIX. mendean galdera gehiago egon ziren artearen inguruan, eta XX. mendean artea zer den zalantzan jarri zen. Gainera, abangoardien agerpenarekin, edertasun estetikoaren kontzeptua bera ere jarri zen kolokan. Gaur egun ez ditugu hainbeste gauza planteatzen. Izan ere, adimen artifiziala artearen munduan sartzen ari da, eta klik bakar batekin edozer egin dezakegu.
Museoetan IArekin egindako lehen agerraldiak, Guggenheimen adibidez, Refik Anadol artista bisualaren erakusketarekin hasi ziren. Artista honen iritziz, adimen artifiziala artea ikusteko beste modu bat besterik ez da.
Artearen kontzeptua
Norberak era desberdinean ikusten du artea, eta hori da berezi egiten duena. Adibidez, Ignacio Mendizabal eskultore eta irakaslearentzat (marrazketa teknikokoa, marrazketa artistikokoa eta artearen historiakoa) bere «munduan kokatzeko era» da. Hobeto egotea ahalbidetzen dio: «Artea izango ez banu, ez nintzateke hain gustura egongo».

Artea eskuz egin izan da beti: norbaitek ideia bat pentsatu du, gero gauzatzeko. Orain, adimen artifizialak prozesu hori alda dezake. Izan ere, adimen artifizialari jarraibide batzuk emanez gero, lan guztia une batean eginda egon daiteke. Gai honi buruz hitz egin du Mendizabalek: «Arazo hori ikusten ari naiz irakaskuntzan, marrazketa artistikoan adibidez. Nire ikasleei artelan bati buruzko bertsio bat egitea proposatzen diedanean, argi eta garbi IAk egin duen irudi batekin datozkit».
Kontrakoa bilatzen duela aitortu du irakasleak: bertsio horietan makina bat dago, eta berak «pertsonaren begirada» izatea nahi du, eta ez «aginduz egindako lana» ikustea.
Diseinu grafikoan gero eta gehiago ikusi daiteke hori. Ikasle askok, baita artistek ere, tresna hau erabiltzen dute inspirazio gisa. Horixe bera egiten du Irati Manzano diseinu grafikoko ikasle eta freelancer-ak: «Asko ez, baina klaserako erabiltzen dut adibidez. Dena den, ez dut inoiz erabiliko proiektu oso bat egiteko. Ez zait asko gustatzen IAren kontua, baina batzuetan lagungarria da». Adimen artifizialak ematen dizun laguntza izugarria da, milaka gauza egin daitezkelako berarekin. Chat GPTri galdetuta, hau dio: «Badakit testu sortzaileak idazten, artelanak deskribatzen, film laburren edo erreportajeen gidoiak egiten, inspirazio-iturri diren abestiak, letrak edo esaldiak idazten laguntzen eta esaldi artistikoak itzultzen edo egokitzen».
Imitazio oso errealistak ere egiten ditu. Ikusi ahal izan den azkena Ghibli estudiokoa izan zen: jende askok bere argazkien bertsioak egiteko erabili zuen. Ignacio Mendizabalek honako hau esan du horren aurrean: «Ghibli estudioko irudien imitazioak, nire ustez, errespetu falta bat dira sortzaile baten obrarekiko, edo urte askotan zehar horretan lan egin duten sortzaileekiko. Estilo bat sortu dute eta bat-batean norbaitek edo zerbaitek hori bereganatzen du imitazio moduko bat eginez. Hasieran polita izan zitekeela pentsatu nuen, baina gaizki dago».
Era berean, hainbat esperimentu egin dira adimen artifizialaren inguruan, obra bat ikusten dugunean eta gustatzen zaigunean, gizaki batek egina dela pentsatzeko joera dugula egiaztatu da. Ujué Agudok, psikologiako doktoretza egiten ari zela, esperimentu hau egitea erabaki zuen, eta jende talde bati IArekin egindako bideo bat erakutsi zion. Partaide guztiek gizaki batek egindakoa zuela uste zuten, eta asko gustatu zitzaiela adierazi zuten. Dena den, adimen artifizial batek egin zuela aitortu zitzaienean, uko egin zinoten erantzunari. Hortik adimen artifizial harekiko aurreiritziak ditugula egiaztatu ahal izan zen.
Etorkizuna
Horrelako gauzen eraginez, adimen artifizialak lanpostu asko kentzen dizkio artetik dirua lortzen ahalegintzen diren pertsonei. Irati Manzano oso beldurtuta dago bere etorkizunarekin, jendeak artelanak «klik batekin» egin ditzazkela ikusterakoan langile gutxiago kontratatuko dituela uste duelako. «Horrek asko kezkatzen nau, azkenean lanik gabe geratu ahal naizelako. Arriskuan ikusten ditut disenu grafikoaren lanpostuak».


Ainara Urbizu Rico