Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea martxan da. Munitibarren eta Bakion jokatu dira lehen saioak, eta Galarza eta Uria izan dira garaile hurrenez hurren.
Asier Galarza maiatzaren 8an, kantuan, Munitibarreko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
Udabarria Bertsotan sailkapen fasearekin hasi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako bidea. Zortzi saiok osatuko dute fasea eta 48 bertsolarik hartuko dute parte. Horietatik gutxienez 20 igaroko dira finalaurrekoetara, 2023ko zuzenean sailkatuta dauden bertsolarien partehartzearen arabera.
Lehen bi saioak Munitibarren eta Bakion jokatu dira. Munitibarren, Asier Galarza Garai (Muxika) izan zen garaile, 194,5 punturekin. Atzetik geratu ziren Maite Sarasola (188), Beñat Bilbao (175), Ander Elorriaga (149,5), Illart Gamuzio (146,5) eta June Diaz (136). Leire Garatxena aritu zen gai-emaile.
Bakion, Imanol Uria Albizurik irabazi zuen, 212 puntu eskuratuta. Bigarren postuan Jone Larrinaga (186,5) sailkatu zen, eta ondoren Alexander Idoeta (171), Ion Barrocal eta Asier Alcedo (169,5), eta Julen Ibarguengoitia (168). Jon Amezaga izan zen gai-emailea.
Lehiaketak maiatzean zehar jarraituko du, astero bi saiorekin. Hurrengo saioak maiatzaren 15ean izango dira: A multzokoa Balmasedako kultur etxean eta B multzokoa Orozkon, biak 18:30ean. Parte hartzaile berriak izango dira saio hauetan, eta gaiak Igor Menika eta Idoia Anzorandiak jarriko dituzte, hurrenez hurren.