Lander Colas, Irunen taberna batean lan egiten duen gaztea da. Bere esperientziaren bidez, gaueko lanaren alde ilunak agerian jartzen ditu. Hala ere, aitortzen du lan horrek irabazi ekonomiko azkarra dakarrela, eta gaztaroan aukera praktikoa izan daitekeela.
Lander Colas, Hondarribian.
Gauetan lan egitea aukera ekonomiko erakargarria izan daiteke askorentzat, baina horrek dakartzan arriskuak eta erronkak ez dira nolanahikoak. Lander Colas-ek (Hondarribia, 2005) Irunen gaueko giroan izandako esperientziaren berri eman du, eta haren bizipenek argi erakusten dute zein gogorra izan daitekeen halako ingurune batean aritzea: lan-ordu nekagarriak, bezeroen errespetu falta, eraso sexistak eta indarkeriazko egoerak, besteak beste. Testigantza honek hausnarketarako bidea irekitzen du: nolakoa da benetan gaueko aisialdiaren atzean dagoen lana, eta zein neurri hartu beharko lirateke egoera horiek hobetzeko?
Nolakoa da horrelako leku batean lan egitea? Merezi du?
Ondo dago, giroa ikusi eta jendea ezagutzen duzulako. Baina egia da ordu horietan lan egitea oso gogorra izan daitekeela, eta lo ohitura txarrak dituzula. Nik uste dut denbora labur baterako merezi duela, gauez diru gehiago irabazten delako. Baina ez naiz ikusten bizitza osoan hor lan egiten. Hau egiten dut orain gaztea naizelako eta dirua behar dudalako.
Noizbait gaizki tratatu zaituzte bezeroek?
Bai, ia beti jasan behar ditugu tratu txarrak bezeroen aldetik. Noski, laguntzeko gaude, baina ez gara beraien esklabu. Gehien eskertzen duguna errespetua da. Kaixo, mesedez eta eskerrik asko bezalako hitzekin nahikoa da, baina ez ditugu askotan entzuten.
Noizbait ikusi izan duzu borrokaren bat? Nola jokatu duzu horren aurrean?
Borrokak ez dira egunero gertatzen baina nahiko ohikoak dira. Hiru lau aldiz bizi izan ditut borroka gogorrak eta ez zuten ondo bukatu. Polizia deitu behar izan genuen. Adibidez behin, batek burua ireki zion beste bati kristalezko boteila batekin.
Orokorrean, borroka oso handia ez denean atezainei abisatzen diegu, eta beraiek kudeatzen dituzte. Eta atezainek normalean gainontzeko bezeroei aldentzeko esaten die, borrokan daudenak lokaletik ateratzen dituzten bitartean. Lokal kanpoan normalean kanporatuak lasaitzen saiatzen dira. Baina, borroka oso handia denean edo armak daudenean poliziari deitzen zaio zuzenean.
Noizbait ikusi izan duzu labainkadaren bat?
Taberna barruan honelako erasoak ez ditut ikusi, baina kanpoan bai. Ala ere, taberna barruan ikusi dut jendea labainekin eta normalean atezainei abisatzen zaie kanporatuak izan daitezen, eta poliziari jakinarazten zaio.
Alkohol eta drogek arazoak areagotzen dituztela uste duzu?
Bai, jendeak agian egora normal batean egingo ez lituzken gauzak egiten ditu. Bezeroek pentsatzen dute nahi dutena egin dezakatela edanda edo drogatuta egoteagatik, eta hori justifikazioa dela, eta ez da horrela. Alkohola nik uste dut arazo gehien sortzen duen droga dela, gauen lana egiten duen edonork badaki.
Koma etilikoren bat ikusi duzu?
Nik bat ikusi nuen, aurreko astean gainera. Mutil gazte bati gertatu zitzaion. Gure lokalean ez zuen asko edan baina pentsatzen dut kanpoan asko edango zuela. Bapatean, lurrean zegoen eta ez zen mugitzen. Lehenengo jendea atera genuen lokaletik, eta gaztea modu seguru batean kokatu genuen anbulantzia zetorren bitartean. Medikuek eraman zuten anbulantzian eta dakigunez, komarkalean egon zen egun batez. Nahiko ohikoak dira horrelako gauzak.
Lankide emakumeak dituzu?
Bai, eta beraientzat okerragoa da. Bezeroek modu desegokian ukitzen dituzte. Jendeak asko normalizatzen du hori. Lankide emakumeek ere normalizatzen dute batzuetan normala ez denean, ohikoa bai baina normala ez. Piropoak eta txistuak ere asko entzuten dira.
Noizbait eraso sexistaren bat ikusi duzu?
Batez ere ukituak izaten dira gehien ikusten direnak. Adibidez, bezero bat lokalera sartu zen eta lankideari ipurdia ikutu zion behin. Normalean lankideak esaten duena egiten dugu, esaten baldin badu ez deitzeko poliziari, ez dugu deitzen. Bezeroa seinalatzen dugu eta atezainek kaporatzen dute. Batez ere arazoak lankideekin daude, baina bezeroekin ere egoten dira, aurreikusten saiatzen gara eta poliziari deitzen diogu.
Pentsonalki nola daramazu hau dena bizitzea?
Normalean ez diezu garrantzirik ematen gauza hauei, baina lanean hasten zarenean konturatzen zara benetan larriak direla. Gauetan lan egiteko, egoera horiek onartu behar dituzu, bestela zailtasunak izan ditzakezu. Laguntzen edo arazoak ekiditen saia zaitezke, baina egoera horiek existitzen direla onartu behar da.
Lanetik kanpo noizbait arazoren bat izan duzu? Esango zenuke Irun hiri segurua dela festarako?
Ez naiz asko ateratzen baina aipatutako gauzak ikusi izan ditut, herriko festetan edo diskoteketan. Baina ni istilu baten barruan ez naiz inoiz egon. Kanpotik ikusita bai.
Ala ere, ez nuke esango Irun hiri segurua denik. Beste inguruko herri guztietan normalean festa giroan lasai egon zaitezke, eta Irunen ez. Azkenaldian gainera, berrietan ikusten da ia gauero arazoak daudela, eta nik pertsonalki bizitzen dut.