Oihana Usabiaga: «Menpekoak garen heinean elikagairik gabe geratu gaitezke»

«Gaur egungo kontsumo eredua supermerkatuetan oinarritzen da eta produktuen jatorria ezagutzeko aukera gutxi dago» esan du Oihana Usabiagak. Geroz eta disoziatuago gaude jaten dugunetik, eta galdera nabarmena da: nork ekoiztuko du etorkizuneko janaria?

Gipuzkoako kostaldean, Urola ibaiaren meandroan aurkitu ditzakegu Amillubi baserria eta bere lurrak. Eremu hori kolektibo bihurtzea dute helburu: lurrarekin errespetuzkoa den laborantza eginez bertan, nekazariek lurrak baldintza onetan eskuratu ditzaten eta herritarrek, elikagaiak. Proiektuaren inguruan hitz egin du, Amillubi proiektuko talde eragileko kide, Oihana Usabiagak (Zizurkil, 1996).

Oihana Usabiaga, Amillubi talde eragileko kidea.

Nola hasi zinen Amillubi proiektuan?
Biolurreko bazkide egin nintzen eta hortik ezagutu nuen proiektua. Itziarko (Gipuzkoa) baratze ekologiko batean lan egin nuen, eta han ezagutu nituen Amillubiko kideak. Haien gonbidapenez sartu nintzen Talde Eragilean.

Zein da Amillubi proiektuaren helburu nagusia?

Elikadura burujabetza eraikitzea da gure helburua, baina ez edonola: ez dugu nahi eredu industrialik, ez lurra kaltetzen duen laborantzarik, ezta langileak prekarietatean mantentzen dituen sistemarik ere. Bidezkoa eta jasangarria den eredu baten alde egiten dugu.

Zergatik da garrantzitsua elikadura burujabetza?

Elikadura burujabetza garrantzitsua da, hasteko, ez dugulako. Burujabetzarik ez dugunean, ez dugu autonomiarik, eta menpekoak gara. Eta menpekoak garen heinean, ez daukagu horrekiko kontrolik, beste batzuk kontrolatzen dute. Elikagairik gabe geratu gaitezke. Gaur egun, EAEn kontsumitzen diren elikagaien %90a baino gehiago inportatu egiten dugu, kanpotik ekartzen dugu. Horrek esan nahi du, %10a baino gutxiago ekoizten dela bertan. Hori horrela,  Europan gerrako danbor hotsak geroz eta ozenago entzuten diren honetan, batek daki, gaur edo bihar mugak ixten badira, edo erregaiaren prezioak gora egiten badu, edo argindarraren itzalaldi bat gertatzen bada, zer pasako den guk hain beharrezkoak ditugun elikagai horiekin.

Uste duzu jendearen gehiengoak badakiela kontsumitzen ditugun elikagaiak nondik datozen?

Ez. Gaur egungo kontsumo eredua supermerkatuetan oinarritzen da eta produktuen jatorria ezagutzeko aukera gutxi dago. Supermerkatuak bitartekariak dira eta produktuen ekoizleekin ez dago harremanik. Honek deskonexioa sortzen du, eta ez gara ohartzen zer baldintzatan eta nork ekoizten duen jaten duguna.

Nola usten duzu dela Amillubi alternatiba bat?

Adibidez laborantza eredua aldatuz: modu industrialean ekoiztu beharrean, monolaborantzen bitartez eta ingurunea pozoi ezberdinekin kutsatu ordez, lurra erdigunean jartzen duen laborantza eredu bat erabiliz. Haziei dagokienez, transgenikoak ez direnak eta bertako haziak erabiltzen dituena. Langileak ere baldintza duinetan lanean edukiko dituena. Izan ere, askotan hitz egiten dugu bertako produktuak kontsumitu behar direla, baina ez dugu kontuan izaten bertakoa kontsumitu ahal izateko, bertan ekoiztu behar dela. Inorrek ez duela laboraria edo nekazaria izan nahi, askotan, lan baldintza txarretan lan egitea dakarrelako. Hori dela eta, lan baldintza duinak izatea ezinbestekoa da alternatiba bat sortzeko. Lan baldintza horiek sortzeko, guk, Amillubitik, kolektibotasunean antolatzearen alde egiten dugu apustu; sare handi bat dago Amillubiren atzean.

Produktu ekologikoek garesti izateko fama dute. Uste denon eskura daudela?

Baldintza duinetan ekoiztutako produktuak ez daude denontzat eskuragarri. Biolurrek DUINA izeneko ikerketa proiektua egin zuen, eta bertan ekoizpen kostuak, soldatak, lan orduak, merkatu prezioa, eta, oro har, nekazaritza proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu zen.

DUINA ikerketaren ondorioa izan zen, ekoizleek ez dituztela ekoizpen kostuak berdintzen. Orduan, modu duinean ekoiztutako produktu bati lan duin hori islatzen dion prezioa jarriz gero, oso garestia aterako litzateke. Nik uste dut kostu hori sistemak asumitu beharko lukeela, osasuntsu elikatzea eskubide bat delako. Gaur egun, elikagai duinak ez daude denon eskura, eta arrakala hori bete behar da. Ez da posible diferentzia hori ekoizleek edo herritarrek asumitzea; bestela aberatsentzako elikagaiak ekoitziko genituzke.

Zein pausu zehatz eman behar dira elikadura burujabetza sustatzeko Euskal Herrian?

Hasteko, Amillubi bezalako proiektuak indartu eta erreplikatu behar dira; leku ezberdinetan antzeko egitasmoak sortu eta sare indartsu batean konektatu. Bestela, ematen du hau oasi edo irla bat dela, eta guk ez dugu hori nahi. Euskal Herrian zehar proiektu gehiago sortzea da helburua. 

Horretarako, komunitate indartsua, kontzientzia eta baliabideak behar dira: lurra, baserriak, makinak, lan indarra… Horiek eskuratu gabe ezinezkoa da elikadura burujabetzarako jauzi kualitatiboa ematea.

Hori aliantzen bidez bakarrik da posible: bai eragileekin, bai erakundeekin. Baina erakunde publikoek borondate politikoa izan behar dute, eta hori ez dago gure esku.

Elikadura burujabetza lortzeko egiturazko aldaketak behar dira. Guk ez diegu oraindik erantzunik ematen arazo horiei, baina lehen pausoak ematen ari gara.

Aroa Arana.

Utzi iruzkina