Euskara eta umorea: ertz bateragarriak 

Euskararen presentzia umoregintzan zalantzan jarri da zenbaitetan. Hainbat garaietara egokitzea zaila da, eta euskararentzat ere ez da erraza izan. «Umoregintza aldaketa prozesu etengabean dago, umoregile berriak plazaratzen ari dira, eta Euskal Herriak eredu berri bat du esku artean». Hala ere, etengabeko borroka dago hizkuntzen botere harremanetan, eta ikertzaileek zehaztu dutenez, «denen ardura da euskara esparru berrietara eramatea». 

Antzokia jende ugarirekin. Daniel Guerra

Historian zehar umoreak hainbat erabilera izan ditu, eta euskararekiko bere harremana ere aldatzen joan da: Fernando Amezketarraren umore herrikoi hartatik, egungo umoregileen stand-up formatura. Garapen horretan, euskarak hainbat zailtasun eta erronka izan ditu, hizkuntza gutxitua izanik are gehiago. 

Euskaldunek betidanik izan dute serio izatearen etiketa, aldiz andaluzek, barregarriena. Euskara nolabait ingurune formalera mugatu da, eta ikastetxeetatik urruntzean, erregistro informalak indar handia galdu du. Kike Amonarrizek aipatu duenez, «umorea lantzeko gertutasuna beharrezkoa da, eta euskara ez bada erakargarri egiten, ez da inoiz lortuko generazio berriei gustagarri egitea».

Urteetan umoreak momentuko behar sozial horri erantzun dio, eta gaur egun formatu berriko umoregileak nagusitzen ari dira. Stand-up formatuaz hitz egiten denean, Antton Telleria etortzen da lehenengo burura, Euskal Herrian lehena izan baita formatu berria estreinatzen.

Euskal umoregintza panoramako Ana Goitia eta Antton Telleriak zehaztu dute, beraiei euskaraz egitea guztiz natural izan zaiela, eta ez dutela erabaki kontziente gisa hartu behar izan. Umorearen ikuspegi desberdina dute alderdi batzuetan, Anak, bere aldetik erderakadak naturaltasunez hartzen ditu, eta Lekeitioko euskalkian bere espazioa dute. Hala, lekeitiarraren Katana proiektuan naturaltasunez ateratzen zaizkio erderakadak. 

Anttonek, bere aldetik, betidanik zaindu izan du hiztegia, eta irratitik hasita orain arte, euskara modu zuzen eta naturalean erabiltzen saiatu izan da. Gurasoak euskaltegiko irakasleak izanik txikitatik jaso izan du euskararekiko gertutasuna, harreman estua sortuz. «Euskaltegian jaioa» dela dio.

«Beste hizkuntzetan jarduten
dutenek ez dituzten kezka
asko izaten ditugu guk»

Antton Telleria, umoregilea.

Antton Telleria, Nekatutak bakarrizketaren promoziorako argazkian.

Umoreak kalean jasaten dituen egoeraz hitz egin du Igor Agirre aztertzaileak, kaleko euskara erabilera aztertzen ibiltzen denak. Botere harreman desoreka argia dagoela azpimarratu du, eta edozein xehetasunetan hori islatua ikus daiteke. Txisteak sarritan espainolez bukatu beharra daudela ematen du, eta bestela, txistea ez omen da ona. Antton Telleriaren hitzetan, «beste hizkuntzetan jarduten dutenek ez dituzten kezka asko izaten ditugu guk».

Tamalez, aspaldian ziren erregistro eta esaera zahar ugari galdu dira, eta gazteek ez dituzte jaso hainbat espresio eta esamolde. Ikastoletan soilik erregistro formala erakusten da, eta euskarak kutsu akademikoa hartu du. Egungo inkesten eta azterketen bidez jakin daiteke ume ugarik ikasgelatik atera eta berehala bizitza erderaz egiten dutela, ez baitute beharrik sentitzen euskaraz aritzeko. «Esan beharra da, nahiz eta esamolde ugari galdu, beste zenbait sortu direla. Hala nola: “Afaldu denbora galdu”».

Konfinamendu garaitik hona euskal umoregintza loraldi betean dagoela esan daiteke. Egun, gazteenek iada badituzte erreferenteak umorearen sorkuntza horretan. Ana Goitiak argitu duenez, «gutxinaka badoaz zuzeneko saioetan euskal komedia berpizten. Baina komunikabideetara zabaltzea beharrezkoa da».

Hala da, euskal komunikabide publikoak, EITBk, eginak ditu hainbat apustu euskarazko umorearen alde; Lazkao Txikiren marrazki bizidunak, Wazemank, Barre Librea eta beste zenbait. Baina gaur egun, Ana Goitiak dioenez, ez du Irrati eta Telebistan eduki beharko lukeen espaziorik.

Etorkizunera begira lan handia dago egiteko, baina 2020an hasitako bulkada horri eutsi behar zaio, eta umorea orain arte iritsi ez den esparruetara zabaldu beharra dago. Komunikabideek beraien aldetik umoregileei denbora eta askatasun gehiago utzi behar diela dio Anttonek, orain arte ez baita hala izan. «Euskara eta umorea bateragarriak dira, eta hori irmotasunez erakutsi behar dugu».

Haitz Gurrutxaga

Utzi iruzkina