Gazteak eta drogak jaien itzalean

Musika ozena, lagunartea eta askatasunaren sentipena dira festen oinarri. Giro horretan, gero eta arruntagoa da gazteen droga kontsumoa. Festetan ibiltzeko adina jaisten ari dela eta astebururo adingabeak drogak kontsumitzen ikusten dituztela salatu du Irati Gallardo tabernariak.

Gazteek zer kontsumitzen duten, zergatik eta nola bizi duten aztertzea funtsezkoa da fenomeno horri aurre egiteko. Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiaren (Osasun Ministerioa) 2024ko txostenaren arabera, festa giroan, gazteen %89,6ak alkohola, %44,3k tabakoa, %33,1ek kannabisa eta %3,4ak kokaina kontsumitzen dute. Azken urteetan kopuruak nabarmen igo ez diren arren, adin goiztiarreko kontsumoak kezka piztu du. Bestelako substantzia ilegalak ere ageri dira, hala nola extasia edo MDMA, opioideak, ketamina eta aluzinogenoak. Baina ez dago hauen kontsumoaren inguruko datu zehatzik.

Cocobongo diskoteka, Cancun, Oihan Alfaro

Osasun ministerioko ESTUDES ikerketaren arabera, 2023an, Espainia mailan alkoholaren kontsumoa 16,5 urterekin hasten zen; tabakoarena 16,6rekin; eta kanabisarena 18,3 urterekin. «Ditudan lagun guztien artean ez bada ere, askoren artean normaltzat hartzen da droga-kontsumoa», dio kontsumitzaile gazte batek. «Gure egunerokoan guztiz normalizatuta dugu. Izan ere, gaur egun edozein egoeratan ezagutzen duzu astebururo drogatzen den norbait».

Drogen kontsumoa normalean festa-giroan hasten da, baina denborarekin eta erabilera txar bat emanez gero, eguneroko adikzio bilaka daiteke. «Kontsumitzaileek, normalean, 15 eta 28 urte inguru dituztela esango nuke gutxi gorabehera», dio Irati Gallardok, festa giroan tabernari gisa sei urteko esperientzia duenak. «Drogen kontsumoa astebururo ikusten dugu; izan ere, jendeak alkohola edatean, drogak kontsumitzea normalizatzen dute; bai gazteek, bai nagusiagoak direnek».

Festa giroan kontsumitzen diren drogek (alkohola, kannabisa, MDMA, kokaina, ketamina, GHB…) askotariko arriskuak dituzte osasunerako, batez ere gazteen artean. Gero eta ohikoagoak dira arazo mentalak, hala nola, antsietatea, depresioa, paranoia eta psikosia. Droga batzuek, batez ere nerabe edo gaztaroan kontsumitzen direnean, garunaren garapenean eragin dezakete. Beste alde batetik, kontsumoa sarritan errepikatzen bada, mendekotasun fisiko eta psikologikoa sortu daiteke. 

Drogen abusuak, arazo kognitiboak ere ekartzen ditu. Izan ere, kontsumo errepikatuak memoria kaltetzen du, arreta eta konzentrazio gaitasunak txikitzen ditu, eta emozioak kontrolatzeko eta arrazoitzeko gaitasunetan eragin zuzena du. Kalte fisikoei dagokionez, bihotzeko arazoak, gibeleko kalteak (neurririk gabeko alkoholaren kontsumoan, batez ere), edota infekzioak (injekzio bidezko kontsumoan) agertu daitezke. Eta kasu oso larrietan, sobredosia ere. Substantzia asko, (batez ere MDMA, kokaina, GHB edo ketamina) dosi txiki batean ‘onargarritzat’ jotzen dira, baina dosi apur bat altuago batek ondorio oso larriak ekar ditzake; hala nola, konorte galera, bihotz-geldialdia, edota heriotza.

“Toseina” droga, Claudia Crespo

«Hasieran astero kontsumitzen nuen MDMA edo kokaina, inguruko guztiek egiten zuten bezala. Nire lagunartean ez zinen ‘arraroa’ horrelakorik egiten bazenuen; baizik eta ez bazenuen egiten», azaldu du kontsumitzaile gazte batek. «Ondorioak gero etorri ziren: antsietatea, ezinegona, paranoiak eta berriz kontsumitzeko nahia. Konturatu nintzen ez zela ‘giroarengatik’ bakarrik, baizik eta benetako arazo bat zela, hurrengo egunetan etortzen zena».

Drogen Eta Adikzioen Espainiako Behatokiaren (OEDA) 2024. urteko txostenak dioenez, 2022an, Espainian, 1.266 heriotza izan ziren substantzia psikoaktiboen kontsumoarekin lotuta, eta 12.924 ospitaleratze droga erabileraren ondorioz. 

Horrez gain, osasun mentalarekin loturiko arazoen eta drogaren arteko lotura gero eta nabarmenagoa da. Euskadiko Osasun Saileko barne-datuetan eta txostenetan oinarritutako estimazioak diotenez, gazteen arteko larrialdi psikiatrikoen %30 inguruk droga edo alkohol kontsumoarekin zerikusia du.

Prebentzioa

Noski, substantzien kontsumoak gizartean eta harremanetan ondorioak ditu, eta harremanak kaltetuta gera daitezke kontsumoaren ondorioz: familiako gatazkak, lagunen arteko arazoak eta konfiantza galerak, esaterako. Drogek askotan portaera oldarkor edo arriskutsuak eragiten dituzte; adibidez, sexualitateari dagokionez, babesik gabeko harremanen eta indarkeriaren arriskua handitzen da ere.

Familia giro osasuntsuak babes faktore garrantzitsuak dira: komunikazio irekia, entzute aktiboa eta laguntza emozionala. Gurasoen eredua oso eraginkorra da, eta droga kontsumitzen duten gurasoen seme-alabek kontsumitzeko aukera handiagoa dute. Familiaren laguntza funtsezkoa da kontsumoari aurre egiteko prozesuan, berreskurapenean eta tratamenduan zehar.

Gizarteak askotan kontsumoa normalizatzen du. Publizitatearen bidez, sare sozialetan, eta  musika giro eta festibaletan, adibidez. Prebentzio politiken eta hezkuntza programen gabeziak arazoa larriagotu dezake. Gazteak informatuta egotea nahitaezkoa da; eta horretarako, administrazioek eta hezkuntza sistemek prebentzioa eta informazioa eskaini behar dute: gazteen kontzientziazioa, alternatiba osasuntsuak eta laguntza zerbitzuetara sarbidea.

Claudia Crespo

Utzi iruzkina