Iratxe Sorzabal errugabetzat jo du Audientzia Nazionalak

Sorzabalek 2001ean aitortu zituen delituak torturen ondorioz onartuak izan zirela adierazi du Audientzia Nazionalak. Hala, bere kontrako karguak deuseztatu ditu instituzioak.

Iratxe Sorzabalen alde Donostian egindako elkarteratzea (Angula Berriaren argazkia CC)

Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal errugabetzat jo du, «tratu gizagabeak» jasan
zituela aitortuta. 2001ean atxilotu zutenean egindako autoinkulpazioa, epaimahaiaren
arabera, torturapean eskuratua izan zen, eta, ondorioz, «bere kontrako probarik ez dagoela»
ebatzi dute.
Epaiak jasotzen du Sorzabal inkomunikatuta eduki zutela bost egunez, eta tarte horretan
elektrodoen bidezko torturak jasan zituela. Espainiako Poliziak 2001eko martxoan atxilotu
zuen, beste atxilotu baten deklarazioan haren izena agertu ostean. Hala, Sorzabalen
hitzetan, «Guardia Zibilak atxilotu orduko hasi ziren torturak».

Epaimahaiak adierazi duenez, «Kantada» deklarazioaren barruan egindako autoinkulpazioa
«elektrodoak aplikatzearen ondorioz» egin zen, eta hori horrela izanik, baliogabetzat jo du
epaitegiak. Deklarazio hori gabe, alabaina, akusatuaren aurkako probarik ez dagoela
azpimarratu dute instituziotik.
2017an «Istanbulgo Protokoloa», alegia, torturak eta tratu txarrak ikertzeko Nazio Batuen
protokoloa aplikatu zitzaion, 2001eko aipamenak torturapean egin ote zituen argitzeko
asmoz. Protokolo honek gobernuak derrigortzen ditu pertsonek izan ditzaketen tortura
zantzuak ikertzera. Bere azalean elektrizitateak utzitako aztarnak izan dira ondorio horretara
heltzeko kausa nagusia.
Absoluzioa Fernando Andreu aretoko presidenteak, Ana Revuelta eta Javier Mariano
Ballesteros epaileek sinatu dute. Hauxe da urte honetan Sorzabalek jasotzen duen bigarren
absoluzioa, Alacanteko aireportuko atentatuaren auzian ere errugabea jo baitzuten apirilean.

Hegoi Amabizka

Utzi iruzkina