Joseba Permach: «Arrazoi anitzak ditugu egun estatua aldarrikatzeko»

Euskal Estatua hizpide, autodeterminazioaren eta Euskal Estatuaren gaiak jorratu ditu Sortu alderdiko Joseba Permachek. Politikariaren hitzetan, «esan ohi da lehenengo pausoa gauzak lortzeko imaginatzea dela» eta berak ere irudikatu ditu etorkizuneko Euskal Herria eta Euskal gizartea.

Joseba Permach Martin Bilboko Elkano fakultatean egindako elkarrizketan.

Ezker Abertzaleko zuzendari historiko Joseba Permach Martin (Donostia, 1969) Bilboko Elkano fakultatean Ekonomiako irakaslea da. «Donostiar zarauztartu» bezala definitzen du bere burua, eta hiru seme-alabaren aita da. Bere hitzetan, orain «bizitza lasaiagoa» darama, fokotik kanpo eta hedabideek esaten duten horretatik distantzia harturik. Hala ere, gertutik jarraitzen ditu Euskal zein munduko politika eta bere iritziak eta kezkak plazaratzen ditu sare-sozialetan, batez ere abertzaletasunari eta Euskal Herriari dagozkionak.

Nola esango zenuke aldatu dela euskal panorama politikoa 90eko hamarkadatik hona?
Gauza asko aldatu dira, beste askok berdin dirauten bezala. Gatazka armatuari dagokionean, bereziki aldatu da, egungo enfrentamentu politikoak ez baititu ETAren garaian zituen ezaugarriak. Antolakundea desagertu zen, eta horren ondorioz esan daiteke ere egungo errepresioa ez dela hain handia. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak agertoki berri bat ireki zuen Euskal Herrian eta beste era batean interpretatu behar dira emaitzak.

Hori esanda, bagatoz bolada batetik non duela hogei urte inork ez zuen EAJren hegemonia kuestionatzen. Alderdi politiko nagusia ia garaitezina bezala irudikatzen zen, eta azken hauteskundeetako emaitzetan ikusi dugu nola EH Bilduk indar handia hartu duen. Zentzu horretan ikusten dut aldaketa ageriko norabide batean doala; nire ustez norabide zuzenean.

Egungo kontestuan, burujabetasunaren bidean aurrera ala atzera goazela esango zenuke? Zergatik?
Agerikoa da aurrera egiten ari garela. Hegoaldean ezkerreko soberanismoa aldarrikatzen duen EH Bildu lehenengo indar munizipalista da, bai EAEn bai Nafarroan. Ipar Euskal Herrian ere oso aldaketa garrantzitsuak ematen ari dira. EH Baik emaitza oso onak lortu ditu, eta politika abertzaleak herrietako batzarretan sartzen ari dira. Euskal Herri osoan, oro har, estatus politikoaren inguruko eztabaidak irekita daude, eta hori positiboa da. Errealitatean, aldiz, badaude ere kezkatu beharko gintuzketeen gauza batzuk, besteak beste, euskarak bizi duen egoera gaur egun.

Zein da gizarteak jokatu beharko lukeen papera burujabetzaren bidean eman beharreko prozesuan?

80. hamarkadatik buruan sartu digute egoistak izan behar dugula eta modu introspektiboan pentsatu behar dela. Indibidualtasuna izugarri sustatu da, eta proiektu kolektiboek atzeranzko joera izan dute. Etorkizuneko Euskal Herria sortzeko, buelta emanbehar zaio egoera honi.

Etorkizunari begira, zein da herri- oroimenak duen garrantzia? Zergatik da hain funtsezkoa burujabetzarako bidean?
Niretzat oso garrantzitsua da. Lehengo urtera arte egon naiz Iratzar Fundazioko eskola politikoan arduradun bezala, eta gure formakuntza politiko guztiak antolatzen genituen nondik gatozen, non gauden, nora goazen eta nola goazen galderei erantzuna bilatzen. Lehenengo galdera hori erantzun gabe, oso zaila izango zaigu ondorengo galderak erantzutea. Ez badituzu ezagutzen bizi duzun errealitatearen historia eta joerak, ingurua hobeto ulertzeko aukera bat galtzen duzu.

“Arrazoi asko direla eta aldarrikatzen
ditugu abertzaleok Euskal Errepublika
eta politika burujabeak”

Euskarak estua behar al du biziraun dezan?
Zalantzarik ez. Txillaerdegik esaten zuen bezala, “Estatu batekin, euskarak, agian, biziraungo du. Euskararik gabe, ziur ezetz”. Askotan esan ohi da abertzaleok estatu bat aldarrikatzen dugula abertzale bezala ditugun sentimenduak asetzeko. Orain, aldiz, esango nuke arrazoi anitzak ditugula egun estatua aldarrikatzeko. Lurralde batek ez baditu tresna politikoak eskura, ezingo du hizkuntza politika burujaberik egin euskara salbatzeko. Berdina gertatzen da energia eta etxebizitzaren kasuan ere.

Nolakoa izango litzateke ekonomikoki Euskal Herri burujabe bat?
Garbi daukat Euskal Herriak badituela potentzialidade batzuk, besteak beste, kokapena, industria eta kultura. Lanerako eta kooperatibismorako joera ere oso hedatuta dago gure lurraldean. Horiek guztiak badira tresna eraginkorrak lurraldearen etorkizun ekonomikoa bermatu ahal izateko. Tresna politikoak dira falta zaizkigunak erabakitzeko.

Nolako Euskal Herria imajinatzen duzu 30 urte barru?
Esan ohi da lehenengo pausoa gauzak lortzeko imajinatzea dela. Lehenengo, amestu egin behar da nahi duzun hori definitu ahal izateko. 30 urte barru, nik uste, Europaren barruan kokatutako estatu txiki bat izango gara. Bada garaia Euskal Herriaren izaera nazionala eta identitatea aldarrikatzeko. Gureaz gain, Europan badaude beste hainbat estatu eta lurralde autodeterminazioa aldarrikatzen dutenak. Ez dakit nolakoa izango den garai horretako Europa. Espero dut ez izatea, egun bezala, merkatarien feudoa eta AEBren sustengua Ekialdean.

Hegoi Amabizka

Utzi iruzkina