Juan Uriarte: «Esteroide anabolikoak beste droga guztiak baino gehiago kontsumitzen dira»

Elikadura nahasmenduetan aditu Juan Uriarte psikologoak azaldu du gimnasiora joaten diren gizon gehienek esteroide anabolikoak kontsumitzen dituztela. Horrek ondorio larriak izan ditzake: depresioa, gaixotasun kardiobaskularrak eta baita heriotza ere.

Juan Uriarte psikologoa, maiatzaren 15a, Donostia, Izaro Lizarraga

Juan Uriarte psikologoaren (Irun, 1992) arabera, estetikaren presio sozialak eta sare sozialetan agertzen diren gorputz idealek bigorexia nahasmendua areagotu dute. Giharrak handitzearen obsesioa idealizatu egin da, eta horrek errealitatearen pertzepzioa aldatu du. Gizon asko testosterona artifizialaren menpe bizi dira; ondorioz, euren sistema hormonala behin betiko kaltetuta geratu da.

Nola definituko zenuke bigorexia ikuspegi psikologikotik? 

Oraintxe bertan ez dugu diagnostiko ofizialik bigorexiaren inguruan. Kulturan badakigu zer den bigorexia baina zientzia arloan oraindik ez dago definizio zientifikorik onartua. Nire ustez bigorexia anorexiatik ezberdindu egin beharra dugu. Bigorexia, esteroideen kontsumoarekin oso oso lotuta dago. Azkenean, bulimia ez dugu ikusten purgaziorik gabe; orduan, bigorexia ezin dugu ikusi esteroide anabolikorik gabe.

Zein seinaleri erreparatu beharko genioke gimnasiora joaten den pertsona batek, ohitura osasuntsu bat obsesio bihurtzen ari ote den jakiteko?

Gimnasiora joatea derrigorrezkoa dela dirudi. Arazoa duen pertsona joaten ez bada, errudun sentiaraziko da. Hori, bulimia ez-purgatiboa litzateke. Bigorexiak esteroideekin bat egin behar du, beraz, ikusten badugu denbora gutxian norbaiten giharren bolumena asko handitu dela, hori bigorexia seinale bat litzateke.

Zein faktorek eragin dezakete bigorexiaren garapenean?

Denetan, sare sozialek presio estetiko handia eragiten dute, emakumeengan ez ezik, gizonezkoengan ere. Gihar gorputzak idealizatu dira eta influencerrek —Thor kasuan, adibidez— errealistak ez diren estandarrak ezartzen dituzte, esteroide erabileraren bidez. Horrek konparazioak, isolamendua eta bigorexiaren sorrera sustatzen ditu.

Gimnasioko inguruneak elikatu al dezake horrelako nahasmendu bat? Nola?

Sekta baten moduan elikatu dezake, zure errealitatearen pertzepzioa aldatuz. Esate baterako, zuk ikusten baduzu eta konparatzen bazara kalean ikusten dituzun beste gorputz batzuekin, ez du kalte askorik egingo. Baina gimnasio inguruan ia denak, esteroide anabolikoak erabiltzen badituzte, zure errealitatea aldatu egingo da.

Uste duzu gizarteak, presio estetikoarekin, halako nahasmenduen agerpena errazten duela? Zein mailatara? 
Gaur egun, esteroide anabolikoak eskuratzea oso erraza da: mugikorra erabilita, adibidez, Indiatik eros daitezke testosterona injektagarriak edo koipea erretzeko produktuak. Sare sozialetan, influencer askok produktu horien promozioa egiten dute, deskontu-kodeak eskainiz. Ondorioz, osasunarentzat kaltegarriak diren substantzien salmentaren bidez, hainbat pertsona aberasten dira. 

Zuk horrelako kasuak ikusi dituzu terapian?

Bai. Ez gara ohartzen baina jende askok hartzen ditu droga hauek. Ikerketa bat dago, egun esteroide anabolikoak, beste droga guztiak baino gehiago kontsumitzen direla esaten duena.

Zein ondorio fisiko izan ditzake bigorexiak epe ertain edo luzean?

Bigorexia esteroide anabolikoekin lotuta dago. Hortaz, esteroide anabolikoak erabiltzeak kalte asko izan ditzake zure gorputzean. Lehendabizi, zure sistema endogenoa apurtzen du. Barrabilak txikitu egiten dira eta orduan ezin duzu zure testosterona naturala eduki. Zure bizitza osorako testosterona hartu beharko duzu eta kalte izugarria izaten dugu honekin. Bigarrenik, depresioa izango litzateke. Hormonak hartzen badituzu, zure sistema emozionala oso gaizki egongo da. Gero ere bai, beste mota batzuetako arazoak; adibidez, gaixotasun kardiobaskularrak eta heriotza ere bai.

Nola lantzen da nahasmendu hau terapian? Zein tratamendu mota gomendatzen da? 

Pertsonak terapia psikologikora normalean berandu heltzen dira, arazoak larriak direnean edo susto handiren bat bizi dutenean. Adibidez, trenbolona bezalako esteroide indartsuak hartzean gertatzen da. Kasu horietan, lehendabizi laguntza medikoa behar izaten da. Endokrinologoaren bitartez egiten da, egoera fisikoa egonkortzeko, eta hortik aurrera terapia psikologiko arrunta egiteko. Terapia horretan, pertsonaren identitatea berreraiki behar da, bere burua gorputz-irudiaren araberako autoestimutik askatuz. Helburua ez da kanpoko itxura hobetzea, baizik eta pertsona bere bizitza on batean integratzea eta ondo sentitzea.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Gaizki. Hemendik 10 urtera, gizon asko testosteronaren menpe egongo dira bere bizitza guztirako, eta barrabilik gabe geratuko dira.

Zer mezu bidaliko zenioke bere gorputzarekin edo entrenamenduarekin obsesionatzen hasia den norbaiti?

Beraien gorputzak ez dira arazoa, autoestima edo segurtasun falta dira. Arazoa emozionala da; zure gorputzarekin edo elikadurekin tapatzen saiatzea ez da irtenbidea.

Izaro Lizarraga

Utzi iruzkina