≪Gorputz lodiekiko diskriminazioak, osasuna eta eguneroko bizitzan eragin handia dauka, eta ongizateaz, gizarteratzeaz eta justizia sozialaz zer ulertzen dugun birpentsatzea eskatzen du≫
Zenbateraino baldintzatu dezake pertsona baten gorputzak bere bizimodua eta ingurune soziala? Obesitatea Aztertzeko Espainiako Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, biztanleriaren % 74k diskriminazioren bat jasan du bere pisuagatik. Argaltasuna arrakastarekin lotzen den gizartean, Lodifobiak isileko eta sakoneko bazterketa sortzen du.
Lodifobia pertsona gizenekiko arbuioa, iseka edo tratu txarrak dira, gizenak izateagatik bakarrik. Egunerokotasunean askotan ikusi daiteke: lanean, eskolan, mediku-kontsultetan, komunikabideetan eta baita arropa-dendetan ere. Baina ez da beti kanpotik etortzen. Kasu askotan, pertsonek ere konturatu gabe hartzen dituzte aurreiritzi horiek, eta beren buruaren aurka bideratzen dituzte. Horri gordofobia barneratuta esaten zaio.
Ilargi Díaz Pérezek bere esperientziatik azaldu du: ≪Lodifobia gaizki dagoela eta horren aurka borrokatzen duzula jakin arren, beti dago barne gordofobia pixka bat. Nork ez du arropa gordetzen argaltzen denerako?, 30 kilo galtzeko pilula bat balego, hartu egingo nuke≫.
Bestalde, Edurne Garcia psikologoak adierazi du ≪lodi egotearen≫ kontzeptua aurreiritziz eta zalantzaz betetako termino bat dela: ≪Emakume gehienei galdetzen badiezu, askok esango dute lodiak daudela edo argaldu egin behar dutela. Ikasi dugun ideia da, eta beldurra ematen dio gorputzari ≫, azaldu du. Lodifobia ez da ofizialki nahasmendu gisa onartzen, baina eragin handia dauka eta autoestimu txikia, antsietatea eta elikadura-arazoak eragin ditzakeela, ≪obsezioa hor baitago≫.
Diskriminazio hori indartzen duen elementuetako bat pisuzentrismoa da. Pisuzentrismoa pertsona baten osasuna, balioa eta ongizatea bere gorputz-pisura mugatzen dituen ustea da. Ideia honen arabera,argal egoteak osasuntsu egotea esan nahi du, eta lodi egoteak gaixo egotea. Hala ere, ideia hori faltsua eta arriskutsua dela egiaztatu da. Osasunaren Mundu Erakundeak gogorarazi du osasuna gaixotasunik eza baino askoz gehiago dela. Ongizate fisikoa, mentala eta soziala da, eta ongizate hori ezin da pisuaren arabera bakarrik neurtu.
≪Beharrezkoa da errespetuaren kultura bat eraikitzea, gorputz guztiak aintzat hartuko dituena eta osasun-profesionalak enpatian ere prestatuta egotea.≫
Ilargi Díaz Pérez, “Ezin kabitu” erakundearen kidea
Ikuspegi honek ondorio larriak ekartzen ditu, batez ere osasugintza arloan. Pertsona gizen askok esan dute, edozein arrazoirengatik kontsulta batera joatean, medikuak bere pisuan bakarrik jarri duela arreta. Ilargi Díaz Pérezek horrela gogoratzen du: ≪Amak endokrinora eraman ninduen sei urterekin. Handik bost minutura, inolako frogarik gabe, ≪mierdak≫ jateari uzteko esan zidan. Kolpe gogorra izan zen, konturatu nintzenlako lodia izateagatik desberdin tratatzen zaituztela≫.
Aurreiritzi mediko hau “ normala argal egotearen” mitoarekin babesten dute. Sinesmen horrek ez du oinarri biologikorik, kulturala baizik. Historian zehar, edertasun-estandarrak askotan aldatu dira. Garai batean, gorputz handi bat osasunarekin, aberastasunarekin edo emankortasunarekin lotzen zen. Gaur egun, aldiz, muturreko argaltasuna edo gorputz muskulatuak ≪fit≫ ideal berria dira. Baina gorputz eredu horiek, gehiengoak baztertzen jarraitzen dituzte, bereziki lodiak, tranak, arrazializatuak edo desgaituak direnak.
Beste sinesmen arrunt bat da, lodi egotea hautapena dela. Behin eta berriz esaten da, nahi izanez gero pisua jaitsi daitekeela. Baina ikuspegi horrek ez ditu kontuan hartzen estresa, genetika, hormona-arazoak, baldintza ekonomikoak edo osasun mentala bezalako faktoreak kontuan hartzen. Pertsona guztiak ez dira gizentzen gaizki jateagatik, eta argal guztiak ez daude osasuntsu.
Edurne Garcia. Psikologoa.
Gorputz-aniztasunaren aldeko aktibismoak eta egungo gizarte-azterketa askok zalantzan jartzen dituzte ideia horiek. Magda Piñeyro aktibistak ohartarazi duenez, ≪osasunarekiko kezka≫ diskriminatzeko aitzakia gisa erabiltzen da askotan. Haren arabera, pertsona gizenen osasunean benetan pentsatuko balitz, begirunez tratatuko lirateke eta seriotasunez ikertuko litzateke, beren gorputza hasiera-hasieratik epaitu beharrean.
Diskriminazio horren ondorioak emozionalak zein praktikoak dira. NAAFA (National Association to Advance Fat Acceptance) erakundearen arabera, pertsona lodiek eskola-jazarpena, langabezia eta gizarte-bazterketa jasaten dituzte maizen. Ez dute beti beren neurriko arroparik aurkitzen, garraiobideetan gehiago ordaindu behar dute, edo ez dira sartzen gorputz meheentzat bakarrik diseinatutako aulki eta espazio publikoetan. Eguneroko oztopoak dira oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak
Lodifobiaren aukako aktibismoak proposamen politiko eta sozial baten bidez erantzuten die egoera horiei. Helburua ez da obesitatea sustatzea edo ongizatearen garrantzia ukatzea, baizik eta pertsona guztiak duintasunez tratatuak izan daitezen eskatzea, gorputzaren tamaina kontuan hartu gabe. Mugimendu horrek, halaber, borroka egiten du komunikabideetan ordezkaritza izateko, osasunerako bidezko sarbidea eta espazio publiko inklusiboak izateko.
Aktibismo horrek ere nabarmentzen du gordofobiak ez duela bakarrik jarduten. Beste diskriminazio mota batzuekin gurutzatzen da, hala nola matxismoarekin, arrazakeriarekin edo transfobiarekin. Emakume lodiek, adibidez, askoz kritika gehiago jasotzen dituzte itxuragatik gizon lodiek baino. Pertsona trans edo arrazializatuek ere beren gorputzarekin lotutako diskriminazio bikoitza edo hirukoitza jasaten dute.
Sonya Renee Taylor idazle eta aktibistak gorputz terrorismoa deitu dio egoera honi. Kontzeptu horrekin, gizarte-sistemek espazioen diseinua erabiliz gorputz batzuk baztertzen dituztela deskribatzen du. Pisu jakin bat jasaten ez duen aulki batetik hasi eta tailu handietan egiten ez den arroparaino, badirudi inguruak esaten diela pertsona horiei ez direla. Baina arazoa ez da gorputza: inguratzen duen mundua nola eraiki den da.
Ilargi Perezek azpimarratu du norberaren gorputza unartzea ez dela “erresistentzia-ekintza” bat izan beharko, zerbait naturala baizik:≪Eraldaketa eta hazkundea hasten da gorputza aldatu behar den zerbait bezala ikusteari uzten zaionean, eta gorputza espazio duin, baliozko eta bizigarri bat bezala ikusten denean≫.