Aintzindariak elkarteak euskararen eta kultur transmisioaren aldeko ikuskizun berria sortu du, Zuberoako dantza eta kantuen bidez.
‘Aitzina Biga’ ikuskizunaren kartela
‘Aitzina Biga’ izena jarri diote lan berriari, Zuberoako dantza, kantu eta bertsoak oinarri hartuta. Helburua euskararen arnasgune bat indartzea eta kultura transmititzea da. Lehen emanaldia Maulen izango da larunbatean, eta Euskal Herriko hainbat lekutan izango dira ondoren: maiatzaren 1ean Miarritzen, 24an Arrasaten eta 31n Iruñean. Bira uztailaren 12an amaituko dute Atharratzen.
‘Aitzina Pika’ ikuskizun arrakastatsuaren ondoren sortu dute hau, Zuberoako dantza eskolekin elkarlanean. Maiana Ligetxek adierazi du 110 artista inguruk parte hartuko dutela, eta hiru gai jorratu dituztela: desafioa, transmisioaren erronka eta kultur trukaketa.
Ikuskizuna osatzeko Zuberoako dantzak eta kantuak uztartu dituzte, harrotasuna eta hizkuntzaren erabilera sustatuz. Ligetxek nabarmendu du dantza ikuskizuna euskaraz aritzeko gune bihurtu dela: «Arnasgune gutxi ditugu, eta ikuskizun hau aukera bat da».
Antzerkiak, dantzak eta kantuak hartuko dute plaza, eta adin eta herri ezberdinetako kideak izango dira ikuskizun bateratuaren protagonista. 2024ko martxotik ari dira entseguetan, eta azken urte eta erdian prestatutakoa talde lan handi baten emaitza dela adierazi dute.